Zaldibar Argitu plataforma herri akusazio modura aurkeztuko da Zaldibarko auzian
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartagaz batera aurkeztuko dira Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara. Prentsaurreko bateratu bat eman dute gaur [urriak 5] goizean erabakia iragartzeko. Bihar [urriak 6] beteko den zortzigarren hilabatearen harira, mobilizazio bateratua antolatu dute Zallan eguenean [urriak 8].
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak prentsaurreko bateratu bat eman dute gaur goizean [urriak 5] Durangon. Iragarri dutenez, herri-akusazio modura aurkeztuko dira Durangoko epaitegian Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara.
Kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia dela esan dute agerraldi bateratuan: “Oraindik orain, bai enpresaren jabeak eta bai zabortegiaren gaineko kudeaketa negargarrian ardura zuzena duten erakunde publikoak eskuak garbitu nahian dabiltza. Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik”.
Azpimarratu dutenez, “katastrofe humano, ekologiko eta sozial” horren aurrean erantzukizun zehatzak argitzea eta gertatu denaren gaineko informazio gardena izatea ezinbestekoa da, halakorik berriro gerta ez dadin. “Langileek, herritarrok eta ingurugiroak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu, ez diezaiogun utzi lehengo modu berean jokatzera itzultzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuak garbitzen”.
Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko diru-bilketa kanpaina bat ereĀ jarriko dute martxan. “guztion ekarpena izango da ongietorria, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan. Herritarrok prozesu guzti honetan ahots propioa izatea oso garrantzitsua izango da.
Manifestazioa. Bestalde, Joaquin Beltranen gorpua aurkitu bitartean kaleko dinamikarekin jarraitzea du asmoa plataformak. Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zeneko 8 hilabete betetzen dira bihar [urriak 6], eta horren harira, eguenean [urriak 8] mobilizazio bateratu bat antolatu dute Zallan “nahikoa dela esateko eta bertatik lehenbailehen atera dezatela eskatzeko”. Horrela, Lea-Artibain ez dela elkarretaratzerik egingo azaldu dute: “Zallan elkartuko gara bertakoei babesa emateko”. Herri guztietatik bertara joateko deia egin dute. 19:00etan hasiko da manifestazioa, Zallako udaletxetik.