Aurrerak nagusitasunez irabazi du Errege Koparen sailkapen faseko lehen partidua
Talde ondarrutarrak 1-3 irabazi dio Gasteizko Urgatzi KKri. Domeka arratsaldean Anaitasunaren kontra etxean lehiatuko du sailkapen faseko bigarren eta azken partidua. Zaleak Zaldupera bueltatuko dira, %60ko aforoa daukate eta.
Errege Kopan sartzeko pauso garrantzitsua eman zuen Aurrerak atzo, Gasteizen. Urgatzi KK 1-3ko emaitzagaz mendean hartuta, igandeko partidura begira daude dagoeneko. Berdinketak ere balio die Errege Kopara sailkatzeko, baina, Ibon Lopez Aurreraren entrenatzailearen berbetan, “final bat” moduan hartuko dute partidua, eta hortaz, sailkapen faseko bigarren eta azken partidu horretarako helburua irabaztea izan behar da.
Gainera, aspaldiko partez etxeko zaleen aurrean jokatuko dute, eta klubaren mendeurrenean Errege Kopara sailkatzea oparitu gura diete eurei. “Bi goleko abantailagaz amaitzea garrantzitsua da, domekan berdinketagaz amaituta ere sailkatzeko aukera ematen digulako”.
Atzoko partidurako lehen taldeko hamabi jokalari eta gazte mailako lau deitu zituen Lopezek. Izan ere, zazpi jokalari min hartuta daude. “Ez da izan erreza, baja askogaz gaudelako aste hauetan. Batez ere aurrekaldea daukagu nahikoa ikututa. Daukagun egoeragaz, bagenekien lehiatzeko moduko taldea geneukala, baina dudekin joan ginen”, azaldu du Aurreraren entrenatzaileak.
Aurrera oso ondo hasi zen. Oso ondo sartu zen partiduan, eta lehenengo 10-15 minutuetan aukera oso garbiak eduki zituen. Hiruzpalau erremate ate hutsera egin zituen, baina ez zuten golik egiteko zorterik eduki. “Sentsazio oso onekin hasi ginen”. Gasteizko taldeak lehen partidua galdu egin zuen Anaitasunaren kontra, eta atzokoa irabazi behar zuten sailkapena lortzeko aukeraren bat edukitzeko. “Pentsatzen genuen eurak indartsu hasiko zirela, baina alderantziz izan zen. Gu gustura egon ginen; ez da zelai erreza jokatzeko, nahikoa irregularra da. Eurek baloiak goitik jokatu zituzten asko, eta gu saiatu ginen behetik kontrola edukitzen”.
Lehen ordu laurden onaren ostean, partidua “pixka bat baretu” zen. Etxeko jokalariek baloi geldituan eta alboko sakeekin sortu zuten arrisku apur bat. Horrela lortu zuten Aurreraren areara heltzea. Baina talde ondarrutarra atzean sendo ibili zen. 27. minutuan, jokaldi on batean heldu zen 0-1ekoa. Baloi luze bat pasatu zioten Jon Lejardiri, eta harek atezaina libratu, eta atea hutsik zegoela sartu zuen gola. “Orduan sendo ipini ginen, eta eurak lerroak aurreratu eta pixka bat estutzen hasi ziren, baina aukera garbirik sortu barik”.
Jon Martinezek lehen hamabost minutuetan min hartu zuen, eta lehen zatia jokatu bazuen ere, bigarrena hasteko aulkian zegoen lehen taldeko jokalari bakarra zelairatu zuen Lopezek. Lehenengoaren aldean, bestelako hasiera eduki zuen bigarren zatiak, eta alboko sake batean, neurketa berdintzea lortu zuen Urgatzik. Momentu horretan, “apur bat behera etorri” zen talde ondarrutarra. Baina, zelaian ez zen asko igarri. Hurrengo minutuetan, talde biak zelaian ondo ipinita, eta aukera argirik sortu barik igaro zituzten. Partidua amaitzeko ordu laurden bat falta zela egin zuen Aurrerak bere bigarrena. Urrestik eta Josu Aldazabalek eskumako bandan jokaldi polit bat egin, eta Aldazabal bakarrik sartu zen areara, eta gola sartu zuen. Gol oso garrantzitsua izan zen. Etxekoak aurrera joan behar izan ziren, eta momentu horietan Aurrerakoek min handia egin zieten, eta dinamika berari eutsiz, atzean sendo jarraitu zuten. 47. minutuan 1-3koa egin zuen Iker Urrestik. Lejardiren jaurtiketa etxeko atezainak urrundu zuen, eta Urrestik alderatzea loratu zuen atezainaren gainetik.
Bigarren zatian hiru gaztek debutatu zuten. “Ugaitz Belaustegik itxura eman zuen. Aurrean asko borrokatu zuen, eta area kanpotik aukera argi bat ere eduki zuen, baina etxeko atezainak baloia geratu zuen. Manex Irizarrek irten zenean min handia egin zuen bere bandatik, eta bi aukera argi sortu zituen Aurrerak. Berak bat eta bateko bat eduki zuen atezainagaz, eta beste batean barrura arte sartu zen, baina ez genuen jokaldia aprobetxatu. Azken minutuetan Enaitz Etxebarriak debutatu zuen. Albiste pozgarriak dira jende gazteak minutuak edukitzea eta itxura ematea. Eta oso pozik amaitu genuen”.
Etxekoen aurrean. Domekan 16:30ean hasiko da Zaldupeko partidua. Emozio biziko lehia izango da, Aurreraren eta Anaitasunaren artean baitago Errege Koparako txartela.
“Ez da aurkaririk gaitzetsi behar, baina paperaren gainean, hasieratik genekien aurkaririk gogorrena Anaitasuna izango zela. Talde sendoa dauka, eta fitxaketa onak egin ditu. Badakigu partidu oso gaitza izango dela, eta baja askogaz gaudela. Aurkari oso gaitza da; aurrean jende oso abila dauka bandetan, eta arriskutsuak dira”, adierazi du Lopezek.
Protokoloak baimentzen duen %60ko gehienezko aforoa edukiko dute. Beraz, taldeak bultzada garrantzitsua jasoko du etxekoengandik: “Zaldupen gogorrak egin behar gara. Urtebete daroagu partidurik galdu barik; herenegun bete zen urtebete. Ea martxa hori jarraitzen dugun. Historikoa izango litzateke Errege Kopan sartzea mendeurreneko denboraldian. Ilusio askogaz goaz, baina baita ere lasai, eta jakinda domekan beharrak egin behar direla”.