Hondakin bilketaren datuak eta garbiketa zerbitzua hobetzeko plana onartu du Debabarrenak
2030. urtean %70eko birziklapen tasa lortzea dute helburu, eta horretarako 22.050 tona gaika bildu beharko lirateke. Helburu hori lortzeko, 10 urtean 5.216 tona gehiago bildu beharko lirateke gaika. Bestalde, garbiketa zerbitzuak udalerri bakoitzaren beharretara egokitu nahi dituzte.

Debabarrenako Mankomunitateak hondakin bilketa eta garbiketa zerbitzuak hobetzeko Plan Estrategikoa egin du. “Plan Estrategikoaren helburua da eskualdean bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzea, hondakinen eta kale garbiketa zerbitzuak kudeatuz eta jasangarritasunean aurrerapausoak emanez”, esan du Iosu Arraiz mankomunitateko lehendakariak.
Hondakin bilketari dagokionez, 2030. urtean %70eko birziklapen tasa lortzea dute helburu. “Horretarako ezinbestekoa da herritarren lankidetza. Herriak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzea dugu helburu, pertsonek eta eragileek sortutako hondakinak hobeto kudeatzeko duten konpromisoa areagotzeko”. Hondakinak biltzeko guneen hobekuntzan ere eragin nahi du Mankomunitateak, “estetikoki eta funtzionalki”. Bide horretatik, hondakinak uztea erraztu nahi dute. “Herritarrek hondakinak biltzeko sistema eskuragarri bat bermatu nahi da, birziklapen eta berreskurapen politikak ahalik eta gehien bultzatzeko. Hori lortzeko edukiontzien sisteman hobekuntzak egingo ditugu, horien erabilera hobetzeko”.
%70eko birziklapen tasa lortzeko, hondakinen kopurua 31.500 tonatan mantendu nahi dute, baina horietatik 22.050 tona gaika bildu beharko lirateke; 9.450 tona errefusa izango lirateke. “Horrek esan nahi du 2030erako 5.216 tona gehiago bildu behar direla gaika. 10 urterako helburuak direnez, urtero errefusa edukiontzietatik 522 tona kendu beharko dira, eta horiek gaikako edukiontzietan pilatu”. Hori lortzeko, ondoko helburuak finkatu dituzte: herritarrek errefusaren 2.608 tona murriztu beharko lituzkete (urtean 261 tona), eta merkataritzan eta industrian, sektore bakoitzean 10 urtean 1.304 tona murriztu beharko lirateke (130,4 tona urtean).
Garbiketa zerbitzuari dagokionez, esan dute helburua dela zerbitzuak udalerri bakoitzaren behar zehatzetara egokitzea. “Bide garbiketa hobetzeko, makinerian eta teknologian inbertituko dugu. Zerbitzuak berrantolatuko ditugu, batik bat udazkenera begira. Eta herritarren kontzientziazioa bultzatuko dugu, bide publikoan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko”. Dena dela, bestelako zerbitzu osagarriak ezartzea ere aztertzen ari direla aurreratu dute.
Irudi korporatibo berria. Plan Estrategikoa aurkezteaz batera, mankomunitateak irudi korporatiboa eguneratu du, “marka indartzeko eta eguneratzeko”. Irudi berriak Debaren D hizkia eta Barrenaren B hizkia uztartzen ditu, kolore berdez. “Mankomunitatearen filosofiaren oinarri diren natura eta ekologiaren baloreak jasotzen ditu”. Leloa ere berritu dute. Orain Denona da, izan garbi da. “Debabarrena denona izanik garbia izateko deia egiten du. Herritarra inplikatu nahi dugu, eta bat eginda, Debabarrena garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu”.