Aurrerak ez du Errege Kopa lehiatuko
Errege Koparako sailkatze faseko bigarren kanporaketa 1-2 galdu du talde ondarrutarrak Anaitasunaren kontra, eta beraz, Anaitasunak lortu du sailkatzea.
Ametsa gauzatzea ez da posible izan. Klubaren historian lehenengoz Errege Kopa lehiatzeko ilusioz egon dira Ondarroan, baina oraingoan ezinezkoa izango da.
Errege Koparen sailkapen faseko lehen partiduan 1-3 irabazi zion Gasteizko Urgatzi KKri, eta atzo 1-2 galdu zuen Anaitasunaren kontra bigarren partidua, Zaldupen. Hiru taldeetatik bakarrak lortu zezakeen Errege Kopa jokatzeko txartela, eta Anaitasuna talde azkoitiarrarentzat izan da.
Aurrerak baja askogaz egin dio aurre kanporaketa honi, eta horrek erabat baldintzatu dio lana. Atzo ere beste jokalari batek min hartu zuen. Taldetik jokatzeko moduan zeuden bi erdilarietako batek 8. minutuan min hartu zuen. Aulkian ez zuten beste erdilaririk, eta beraz, ahal zuten moduan egokitu zuten taldea; zelai barruan zeuden jokalari batzuk euren postuak ez ziren lekuetan jokatu behar izan zuten. Hori gutxi ez, eta 13. minutuan jokalari bat gutxiagogaz geratu zen taldea. Jonik bigarren txartel horia ikusi zuen. “Gure lanan ondorioz Gasteizen gauzak alde jarri zitzaizkigun eta etxeko partidura gauza guztiak alde ailegatu ginen. Baina, lehen minutuetan, alde eduki genituen gauza guztiak kontra bihurtu zitzaizkigun”, azaldu du Ibon Lopez Aurreraren entrenatzaileak. Gainera, epaileak hartutako erabaki batzuekin ez daude ados. “Epailearen lanagaz ez genuen oso pozik amaitu”.
Hamar jokalarigaz egon arren, zelaian ondo opinita egon zen Aurrera. Anaitasunak eduki zuen baloia, baina ez zuen aukera garbirik sortu. Eta partidua maldan gora eduki bazuen ere, etxeko taldeak ere aukera batzuk eduki zituen. Lehen zatia golik barik amaitu zuten.
Bigarren zatian “nahiko ondo” irten zen Aurrera. Hasi eta hamabi bat minutura jokaldi eztabaidagarri bat egon zen. Aurreraren zelaian, falta baten ondoioz Iker Urrestiri baloia lapurtu eta jokaldi horretan egin zuen lehen gola Anaitasunak (53. minutua). “0-1 jarri ginenean, agian asko luzatu ginen, eta partiduaren bila joan ginen”, zehaztu du Lopezek. Minutu gutxira kontraerasoko jokaldi batean egin zuen Azkoitiako taldeak 0-2koa (62.minutua).
Bigarren golaren aurrean ondo erreakzionatu zuen talde ondarrutarrak, eta jokaldi on bati esker, markagailuko aldea murriztu zuen 65. minutuan. Ezker bandatik Carrascalek erdiratze on bat egin zuen eta gol polita sartu zuen Jon Lejardik. Minutu horietan Anaitasuna pixka bat urduri jarri eta behera etorri zen, eta hortik aurrera, nahiz eta jokalari bat gutxiagogaz egon Aurrera izan zen jaun eta jabe. Berdinketa lortzeko aukera argiak sortu zituen, baina Anaitasunaren atezainak gelditzeagatik edo eurek ez asmatzeagatik bigarren gola ez zen posible izan.
Taldearen jarreragaz pozik, jokalariek “dena eman” zutela nabarmendu du Aurreraren entrenatzaileak: “Jokalariek hustuta amaitu zuten. Kontra genituen gauza guztien gainetik itxura eman genuen. Jokalariei esan nien moduan, burua altu joateko moduan gaude. Egia da kristoren ilusioa geneukala, baina partidu bat galdu behar badut, halaxe galdu gura dut: hamar jokalarigaz futbol zelaian dena emanda. Uste dut Zaldupera joan ziren zaleek ere ezin digutela ezer aurpegiratu”.
Hain zuzen, aspaldiko partez etxeko zaleen animoak eta bultzada sentitu zituzten zelaian. Aurreko denboraldian igoera lortzea ezin izan zuten zaleekin nahi moduan ospatu, eta Lopezen berbetan, atzoko harrera “omenaldi txiki bat” modukoa izan zen: “Beroketara irten ginenean, kristoren txalo zaparrada jaso genuen, eta ileak tente jarri zitzaizkigun askori, batez ere ondarrutarrak garenoi. Pasadan urteko denboraldia txalotzeko modu bat ere izan zen, eta oso polita izan zen. Eta adibidez, etxetik kanpo hamarregaz jarri bagina, ez dut uste hain urrean edukiko genukeenik sailkapena. Ostera, etxean gure zaletun buldatzagaz, 95. minutura arte aukerekin egon ginen”.
Liga hasiera. Errege Kopa lehiatzea sari bat moduan hartu zuten hasieratik, eta lortu ez izana “pena bat” bada ere, ligan buru-belarri aritzeko balioko die. “Gauden egoeran eta min hartutako guztiekin, onena izango da liga presatzen hastea, eta ea jendea errekuperatzen doan”.
Asteburu honetan hasiko dute liga Hirugarren mailan, baina Aurrerak bi aste barru etxean jokatuko du ligako lehen partidua Balmasedaren kontra. “Aurten talde bakoitiak gaudenez, asteburu honetan atsedena tokatzen zaigu. Ikusita min hartutakoekin eta zelan gauden, ondo etorriko zaigu asteburu honetan ez jokatzea, eta ea hurrengo asterako bi edo hiru jokalari errekuperatzen diren”.