Ugaitz Mugertza mutrikuarra laugarren sailkatu da Banakako Urrezko Aizkoraren finalean
Julen Alberdi Txikia IV aizkolari azkoitiarrak irabazi du 2020ko banakako Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga.
Ugaitz Mugertza mutrikuarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV azkoitiarrak eta Jon Rekondo leitzarrak Banakako Urrezko Aizkoraren finala lehiatu zuten zapatuan, Azpeitiako Izarraitz Pilotalekuan, eta Txikiak jantzi zuen txapela.
24 minutu eta 50 segundoko markagaz lortu zuen garaipena, eta Larrañaga geratu zen txapeldunorde, 27 minutu eta 45 segundoko denboragaz. 29 minutu eta 58 segundotan geratu zen Rekondoren kronoa, eta mutrikuarrak, berriz, 30 minutu eta 28 segundotan burutu zituen lanak.
Proba denetan “nahikoa gustura” sentitu zela adierazi du Mugertzak, baina egurragaz zorte txarra eduki zuela. Haren ustez, egurren sorten arteko aldea nabarmena izan zen, eta beraz, horrek erabat baldintzatu zuen finala. Egur batzuetatik besteetara “desberdintasun handia” zegoela uste du, eta alde horretatik pixka bat haserre eta minduta dago. “Zozketan ez neukan bat ere zorterik eduki. Bestela ere lehen bi postuetan gelditzea nahikoa ezinezkoa neukan, baina hirugarren postua lortzea nahikoa erraza neukala uste dut. Baina hark ere ihes egin zidan, eta amaieran amore eman nuen, neukan egurrarekin ezin zelako segi, sikatuta zeuden”.
Lau aizkolarien artean zutik denborarik onena egin zuen mutrikuarrak: “Zutik nahiko ondo moldatzen naiz. Egia esan oso gutxi entrenatuta nengoen, eta baneukan beldurra, baina teknikoki beti ondo moldatu izan naiz zutik”. Lehen egurrean Larrañagak egin zuen denborarik onena, bigarrenean Mugertzak eta gainontzeko hiruretan Alberdik.
Finalean “nahiko maila polita” izan zela deritzo, eta aurkariengandik galdetuta, Txikia oso ondo ikusi zuela zehaztu du, “oso ondo entrenatuta”. “Uste dut Larrañagaren eta nere sorta zirela txarrenak. Errekondo ere ondo ikusi nuen”.
Euskal Herrikoa. Urrezko Aizkoraren finalaren ostean, hitzordu garrantzitsua daukate hilabete honetan aizkolariek. Izan ere, urriaren 24ean hasiko dute aizkolariek euren Euskal Herriko Txapelketa, Zestoan (18:30). Zapatuko finala txapelketa nagusi hortarako entrenamendu moduan hartu zuen Mugertzak, eta gogotsu ari da txapelketa prestatzen. “Aizkolariak eta egin beharreko lana berdina da, eta harako buru-belarri entrenatzen ari naiz”.