Abian da Lea-Artibaiko bonu kanpaina
12.800 bonu kaleratuko ditu Leartibai Garapen Agentziak. Bonuak norbere herrian hartu behar dira, baina kanpainara atxikitzen diren eskualdeko edozein establezimendutan gastatu ahalko dira.
Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalak ematen dituzten establezimenduen jarduera bultzatzea helburu, 12.800 bonu kaleratuko ditu Leartibai Garapen Agentziak. COVID-19ak eragindako krisiaren eragina ikusita, eskualdeko establezimenduetan erosketak egitea sustatu nahi dute Guk Lea-Artibaiko saltoki txiki, ostalaritza eta zerbitzu enpresetan kontsumitzen dugu. Eta zuk? lelopean antolatu duten kontsumo kanpainaren bidez.
Leartibai Garapen Agentziak, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarreko udalekin elkarlanean jarri du martxan Lea-Artibai Bonua proiektua, eta programa lantzerako orduan, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako Udalek, euren herrietako merkatari elkarteekin adostu dute eskualdeko ekimena izatea.
Azaldu dutenez, bonuak norbere herrian hartu behar dira, baina kanpainara atxikitzen diren Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar udalerrietako establezimenduetan gastatu ahalko dira. Esan dutenez, establezimenduek erakusleihoetan kartel bat edukiko dute kanpainan parte hartzen ari direla esanez.
Bonuak udal bulegoetan egongo dira eskuragarri urriaren 20tik 28ra arte, Ondarroako eta Lekeitioko kasuan, Turismo Bulegoan salduko dira. 15 eurotan egongo dira salgai, baina 20 euroko balioa izango dute. Argitu dutenez, bonuak pilatu egin daitezke, baina bonuen ordez ezin izango da dirurik bueltatu inoiz. 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak bi bonu eskuratu ahalko ditu gehienez.
Bestalde, kanpainagaz bat egin nahi duten merkatari eta ostalariek bihar [urriak 15] hasi eta urriaren 20ra arteko epea edukiko dute.
Leartibai Garapen Agentziak jakitera eman duenez, abendura bitartean, beste hainbat ekintza egingo dituzte Guk Lea-Artibaiko saltoki txiki, ostalaritza eta zerbitzu enpresetan kontsumitzen dugu. Eta zuk? leloaren baitan.