Azken orduetan 18 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo [urriak 13] egindako PCR probek ere azken egunetako goranzko joera berretsi zuten. Azken 24 orduetan ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (7), Berriatua (4), Lekeitio (3), Mutriku (2), Aulesti (1) eta Etxebarria (1).
Urriaren 9tik 12ra bitartean 47 positibo berri erregistratu eta gero, atzo [urriak 13] beste 18 kasu berri erregistratu zituzten Lea-Artibain eta Mutrikun. Beste behin ere Markina-Xemeinen erregistratu ziren positibo gehien (7). Aipagarria da Berriatuan atzo [urriak 13] 4 kasu berri erregistratu izana. Gainontzeko positiboak ondoko herrietan erregistratu zituzten: Lekeitio (3), Mutriku (2), Aulesti (1) eta Etxebarria (1).
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira atzo [urriak 13] 7.466 PCR egin ziren, eta horietatik guztietatik 410 positibo atzeman zituzten (%5,5). Aipagarria da joan den astetik aste honetara atzemandako positiboen ehunekoak puntu bat gora egin izana (joan den astean %4 inguruan zegoen). Lurraldeka, atzo [urriak 13] erregistratutako positibo gehienak Gipuzkoan erregistratu zituzten (186); Bizkaian 179 eta Araban 39 erregistratu zituzten. Horiei, EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 6 kasu berri gehitu behar zaie. Azpimarratzekoa da, baita ere, asteon, eta pandemia osoan lehen aldiz, Gipuzkoan Bizkaian baino positibo gehiago erregistratu izana.
Kutsatu berri gehienak (156) 40-64 urte bitarteko herritarren artean antzeman dira; 19-39 urte bitartekoetan 90 kasu berri erregistratu zituzten. Zehaztu dutenez, 40-64 urte bitartekoen artean ari dira antzematen kasu berri gehienak.
Ospitaleratutakoei dagokienez, momentuz hiru lurraldeetan 263 pertsona daude COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta. Eta horietatik 50 pertsona daude ZIUn. Irailaren azken astetik gaur arte, ospitaleratutakoak gero eta gehiago dira, gutxinaka bada ere.
Bestalde, zehaztu dute urriaren 5etik 11ra bitartean 34 pertsona hil direla COVID-19aren ondorioz.