Mendizale helduen ibilaldia egiteko aurten nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea
Burumendi Mendizale Elkartearen web orrialdean izena eman behar da, eta urriaren 20an amaituko da izena emateko epea.
Urriaren 25ean [domeka] egingo dute 32. Mendizale helduen ibilaldia, eta aurten, parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Burumendi Mendizale Elkartearen web orrialdean izena eman behar da, eta urriaren 20an [martitzena] amaituko da epea.
Mendizale federatuentzat aurrikusitako ibilaldia da, eta hortaz, horien izen ematea doakoa da. Federatuta ez daudenek ere parte hartu dezakete, baina horiek 5 euro ordaindu behar dituzte. Bazkaritan geratu nahi izanez gero, federatuek 20 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu gabeek ibilaldia egin eta bazkaltzeko izena ematerakoan 25 euro ordaindu behar dituzte. Elkartearen web orrialdean daude ordainketa egiteko kontu korronte zenbakiak.
Antolatzaileek zehaztu dute COVID-19a dela eta segurtasun protokolo zorrotz bat osatu dutela, eta hartu beharreko segurtasun neurriak zeintzuk diren uneoro azalduko dizkiete parte hartzaileei.
Ibilbidea. Ibilaldiaren parte hartzaileak 08:30ean irtengo dira Txurruka Plazatik, eta 15 km-ko ibilbidea egingo dute: Mutriku-Ondabarro-Ibiri-Abeletxe-Arnoko kurutzea-Bandera-Kanpazar-Ormola-Apain-Kalbaixo-San Juan-Talaixa-Alkolea-Mutriku.