Oihana Kortazarrek Ultra Sanabrian parte hartuko du
Hilabete amaieran Portugalgo Azores irletan lehiatuko duen etapakako probarako prestakuntza bezala egingo du Sanabriako traila.
Bihartik zapatura bitartean, Ultra Sanabria traila lehiatuko du Oihana Kortazarrek.
110 km-ko lasterketa da, eta hiru etapatan burutuko dute. Bihar 34,7 km-ko (2.150m-ko desnibel positiboa eta 2.140m-ko desnibel negatiboa) ibilbidea egingo dute, etzi 43 km-koa (2.220m-ko desnibel positiboa eta negatiboa) eta zapatuan 32,5 km-koa (1.640 m-ko desnibel positiboa eta negatiboa).
Urriaren 29tik azaroaren 1era Azores irletan (Portugal) lehiatuko duen lasterketa prestatzeko baliatu nahi du Sanabriakoa. “Etapakako lasterketa da hura ere. Aurten daukagun lasterketa garrantzitsu bat da. Maila handia egongo da. Bertara joateko pasea lortu dut, eta prestakuntza bezala erabaki nuen Sanabriako lasterketa honetan parte hartzea”.
Azken urteotan etapetako probetan parte hartu barik egon da Mutrikuko bizilaguna, eta gogotsu dago: “Etapetako lasterketak egin izan ditut lehenago ere, baina 2016tik ez dut egin halakorik. Lasterketa hau konkretuki egiteko gogoa neukan, urte askotan egon dira lasterketako antolatzaileak gonbidatzen, eta data aldetik segula ez zait ondo etorri. Gogoa neukan egiteko, oso ondo hitz egin didate proba honetan, eta Sanabriako lakuaren inguru hori oso polita omen da, eta ez naiz egon sekula”.
Maila puntu onena hartzeko baliatu nahi du. “Lehenengo egunean egun ona edukitzeak ez dizu bermatzen hirugarren egunera ondo helduko zarenik. Hirugarren eguna da berez garrantzitsuena, eta lehenengo egunetik ezin zara emozionatu dena ematen. Egun batetik bestera errekuperatzea garrantzitsua da, eta hori izango da gakoa. Indarrak erregulatzea da gakoa, eta hori da zailena. Hurrengo egunean berriz ere martxan ipini behar dituzu hankak. Garrantzitsua da erregulatzen jakitea, buru hotzakin jardutea eta ondo jan, edan eta deskantzatzea”.