'Bihotz salataria' antzezlana ikusteko aukera egongo da Mutrikun
Emanaldia gaztetxean izango da, domekan [urriak 18], 18:00etan, eta sarrerak leihatilan salduko dituztela aurreratu dute. Obra Edgar Allan Poe idazlearen kontakizun labur batean dago oinarrituta.
ATX Teatroaren Bihotz salataria antzezlana ikusteko aukera egongo da domekan, 18:00etan, Mutrikuko Gaztetxean. Sarrerak 5 euro balio ditu, eta egunean bertan leihatilan salduko dituztela esan dute.
Obra Edgar Allan Poe idazle estatubatuarrak 1843an The Pioneer aldizkarian argitaratu zuen kontakizun labur batean dago oinarrituta (The Tell-Tale Heart).
Sinopsia. Narratzaile batek behin eta berrriro esaten du ez dagoela zoratuta, nahiz eta bere zentzumenak oso zorrotzak izan, entzumena batez ere. Berarekin bizi den agureak begi urdin argi bat dauka, eta horrek narratzailea aztoratzen du.
Egun batean, agurea lotan zegoela, begia irekita zuela ikusi zuen eta hiltzea erabakitzen du. Hil eta gero, gorputza zatitzen du, eta zoru azpian gordetzen ditu gorputz zatiak.
Agurearen oihuak entzuten dituen auzoko batek deituta, hiru polizia agertzen dira etxean. Hiltzaileak etxe barrura pasatzeko esaten die, agurearen logelara eramaten ditu eta eurekin batera jesartzen da lasai-lasai hizketan.
Halako batean, buru barruan agurearen bihotz taupak entzuten hasten da, hasieran astiro-astiro, baina bere buruko burrunba hori gero eta ozenago egiten da, gero ozenako entzuten ditu taupadok, jasanezin bihurtu arte. Errealak edo imajinarioak diren taupada misteriotsu horiek bere onetik atera arazten dute, eta bere delitua aitortzen du.