Edukiontzi kanpoan zabor poltsak uztea arau haustea dela gogorarazi dute
Debabarreneko Mankomunitateak dio 300 eurora arteko isunak ezarri ditzaketela, baina ez dela hori euren helburua. Hori egiten dutenei jarreraz aldatzeko eskatu die.
Debabarreneko Makomunitateko ordezkariak kezkatuta daude herritar batzuk edukiontzi kanpoan zabor poltsak uzten dituztelako. “Alarma egoeraren aurretik, eskualde osoan tona bat zabor jasotzen ziren edukiontzi kanpoan utzitako zabor poltsetan. Konfinamenduan kopuru hori murriztu zen, baina uda eta gero, berriro gehiago jasotzen hasi gara”. Horren aurrean, herritarrei gogorarazi diete hori egitea arau hauste arina dela, eta 300 eurora arteko isunak ezarri ahal direla.
Zehaztu dutenez, uda ostean eskualde osoan 800 kilo hondakin jasotzen dituzte edukiontzi kanpoan utzitako zabor poltsetan. “Mankomunitateak egunero batzen ditu poltsa horiek herriak garbi mantentzeko, baina herritarrei zabor poltsak edukiontzi barruan sartzeko eskatzen diegu”. Gaineratu dute Makomunitatearen helburua ez dela isunak jartzen hastea; hori egiten duten herritarrei jarreraz aldatzeko eskatu diete.
Arazoa aspaldikoa dela diote. “Urteak dira eskualdeko edukiontzien ondoan zabor poltsak agertzen direla. Gauero langile bat pasatzen da eskualdeko herrietatik poltsa horiek jasotzera”. Dena dela, esan dute kasu batzuetan zabor poltsa horiek goizean goiz uzten dituztela edukiontzi kanpoan. “Kasu horietan, poltsak egun osoan egoten dira han, itxura txarra emanez eta ingurumen arazoak sortuz”.