Bataio zibilak arautzeko ordenantza prestatzen hasi dira Ondarroan
Herritarrek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute, behin betiko araudia osatu aurretik. Urriaren 30era arte jasoko dituzte proposamenak.
Herritartasunera ongi etorri ekitaldiak edo bataio zibilak modura ezagunagoak direnak arautzeko ordenantza prestatzen ari da Ondarroako Udala. Udal iturriek jakitera eman dutenez, ordenantzaren zirriborroa idazten hasita daude, baina berau osatzeko herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, “ahalik eta ordenantza osatuena” idazteko. “Ordenantza berri bat idazterakoan egin ohi den legez, eta proposamena udalbatzan eztabaidatu aurretik, idatzita dagoen aurreproiektuari ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek”.
Ekarpenak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek. Ekarpenak orokorra@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita edo Udal Erregistroan jasoko dituzte. “Ekarpenak posta elektronikoz bidaliz gero, izenburuan edo gaian Herritartasunera ongi etorria edo bataio zibila jarri beharko da”. Ekarpenak egiteko epea amaitu ostean, herritarren proposamenak banan-banan aztertuko dituztela iragarri dute. “Egokiak diren edo ez eztabaidatu ondoren, ordenantzaren proiektuan sartu edo ez erabakiko da. Hortik aterako da osoko bilkurara eramango den ordenantzaren behin betiko proiektua”.
Ordenantzak, hain zuzen ere, udal titulartasuneko lokaletan Herritartasunera ongi etorria emateko ekitaldien prozedura eta gauzatzea arautu nahi ditu. Arauaren helburua jaioberriei ongi etorria ematea dela esan dute. “Zeremonia zibil eta laikotzat hartzen da, eta gurasoek/tutoreek adingabea balio zibikoetan, demokratikoetan eta berdintasunean eta errespetuan hezteko konpromisoa plazaratzen dute. Zeremoia alkateak, zinegotziak edo gurasoek/tutoreek izendatzen duten pertsonak egingo du. Ekitaldia amaitzean, adingabeak Herritartasun Gutuna deritzona jasoko du, gizartera iritsi dela aitortzeko”.
Adierazi dutenez, ordenantza idazteko eskaria herritarrengandik jaso dute. “Hileta zibilak egiteko ordenantza bat dagoen modura, jaio berriei Herritartasunera ongi etorria emateko edo bataio zibilak modura ezagunago den araudi bat edukitzeko eskatu ziguten”. Proposamena eguaztenean [urriak 14] egindako Antolaketa Batzordean planteatu zuten, eta ordenantza osoko bilkurara eraman aurretik herritarrei zirriborroa erakutsi eta ekarpenak jasotzeko hamar egun naturaleko epea zabaltzea erabaki dute.