Martitzenean Usotegiko lurra erosten dutenei zakua autora garraiatzen lagunduko die Lekitto Bedarrak
Lekeitioko ortularien elkartekoak martitzenean [urriak 20] Usotegin egongo dira, 17:00etatik 18:30era. Erosleei erraztasunak emateko helburuagaz egin dute deialdia. 25 euroko zakua euro baten saltzen dute, eta lurra "kalitate onekoa" dela azpimarratu dute.
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkartekoak Usotegiko lurra saltzen hasi ziren uztailean, eta lortutako diruagaz lanabesak gordetzeko parkean eraikin nahi duten etxola erosi nahi dute. Martitzenean [urriak 20], baina, elkarteko kideak 17:00etatik 18:30era Usotegin egongo direla esan dute, eta lurra erosten dutenei autoraino garraiatzen lagunduko dietela esan dute. Lurra “kalitate onekoa” dela azpimarratu dute taldeko kideek. 25 kiloko zakua euro baten saltzen dute. Esan dutenez, momentuz hiru pertsonak egin dute lurra erosteko eskaera. “Baina espero dugu gutxika-gutxika jendea animatzea eta gure helburua gauzatzen laguntzea!”.
Elkarteak auzolana bultzatzen du, eta modu horretara atera dute saltzen ari diren lurra ere. Saltzen hasi zirenean esan zutenez, parkeko lurrari harriak kentzen dizkiote, edozein lorontzi edota orturako erabilgarria izateko. “Uste dugu aukera on bat izan ahal dela behar duenak zaku batzuk erostea eta bere loreak edota ortua lur bikain honekin hobetzea”. Dena dela, posta elektronikoz ere lurra erosteko eskaerak egiteko aukera dago: lekitto.bedarra@gmail.com.
Etxolak 3.000 euro inguru balio dituela diote. “Parkearen mantenurako eta orturako erabiltzen ditugun lanabesak gordetzeaz gain, pandemia hasi zenetik herriko hainbat talde eta elkarteri (Gurutze Gorria, Elikagaien Bankua, Dominika monjak) banatzen diegun uzta gordetzeko erreztasuna ere emango digu”. Aurreratu dutenez, lurra ateratzen duten lekuan kokatu nahi dute etxola.