Ariane Sololuzek Bizkaiko eskolarteko idatzizko txapelketako sari bat eskuratu du
Sololuzek 2006an jaiotakoen artean hirugarren saria irabazi du. Bestalde, Sara Asenjo aulestiarrak bat-bateko finalean parte hartu zuen zapatuan, eta saio "polita" egin bazuen ere, ez zuen txapelik irabazi.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa amaitu da. Txapelketak bi alor edukitzen ditu: bat-batekoa eta idatzizkoa. Alde batetik, bat-bateko finala zapatuan [urriak 17] jokatu zen, eta finalistetako bat izan zen Sara Asenjo aulestiarra. Ez zuen txapelketa irabaztea lortu, baina saio “polita” egin zuela esan dute; txapelketa Irune Basagoitik irabazi zuen. Bestalde, idatzizko txapelketan Ariane Sololuze markina-xemeindarrak 2006an jaiotakoen artean hirugarren saria lortu du.
Aurten, egoera dela-eta idatzizko txapelketa Internetez egin da; Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaiak argitaratu zituten, eta parte hartu nahi zutenek bi eguneko epea eduki zuten bertsoak idatzi eta bidaltzeko. Guztira 97 parte hartzaile egon direla esan dute, eta jaiotze urteka banatuta, urte bakoitzeko hiru parte hartzaile onenak saritu dituzte.