Azken hiru egunetan 47 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Barikutik domekara bitartean [urriak 16-17-18] ondoko herrietan erregistratu dituzte COVID-19arekin kutsatutako kasu berriak: Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar, Mutriku eta Markina-Xemein. Azken horretan erregistratu dira kasu gehien.
Aurreko egunetako joera mantendu egin da barikutik domekara [urriak 16-17-18] erregistratutako positibo kasu berriak. Guztira, azken hiru egun horietan 47 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun: Markina-Xemeinen (18), Berriatuan (6), Mutriku (6), Lekeitio (6), Etxebarria (5), Ondarroa (5) eta Ziortza-Bolibar (1).
Azken hiru egunetako datuak kontuan edukita, joan den aste osoan 124 positibo erregistratu zituzten Lea-Artibain eta Mutrikun. Ondokoak izan ziren herriz herri atzemandako kasu positiboak:
- Markina-Xemein: 45
- Lekeitio: 19
- Mutriku: 16
- Berriatua: 15
- Ondarroa: 13
- Etxebarria: 11
- Aulesti: 2
- Ziortza-Bolibar: 1
- Mendexa: 1
- Munitibar: 1
Bestalde, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak HITZAri agertu dio gaur [urriak 19] 29 PCR egin dituztela herrian. Eta berretsi egin du positibo kasu guztiak elkarren artean ezagutzen direla. “Positiboen arrastoa jarraitzen dutenak ondo ari dira lanean. Etxebarrian dago kasu bat non kutsatu den ez dakiguna”. Bestalde, esan du olatua baretzeko eta datuen gorakada jaisteko “neurriak zorrotz” bete behar direla: eskuak garbitzea, maskara erabiltzea eta segurtasun tartean mantentzea.
Herritar guztiei PCR probak egiteko aukera ere mahai gainean egon dela esan du Egurrolak. “Baina momentuz ez da hori egiteko beharrik ikusten, kutsatuen kasua jarraipena duen kate bat delako”. Ospitaleratuta egon den markina-xemeindarra ere gaur [urriak 19] etxera bidaliko dutela esan du.