Espainiako Vuelta dela eta, Barinaga eta Ixua arteko bidea itxiko dute bihar
Espainiako Vuelta salbuespenezko neurrien eraginpean egongo da, eta, horregatik, Arrateko igoera publikorik barik egingo da.
Espainiako Vueltaren lehenengo etapa bertatik igarotzen dela eta, bihar [urriak 20] itxita egongo da Arrateko mendateko bidea goizeko 08:15etik aurrera, bai ibilgailuentzat bai bizikletentzat eta oinezkoentzat. N-634, Azitain, Matxaria eta Barinagatik Ixuarako bidea itxiko dituzte, hain zuzen ere.
Osasun-larrialdiaren ondorioz, Espainiako Vuelta salbuespenezko neurrien eraginpean egongo da, eta, arrazoi horrengatik, Arrateko igoera publikorik barik egingo da. Hori dela eta, Segurtasun Sailak Arrateko mendatera ez joateko gomendioa egin du, eta ahal dela, txirrindulari-probak eragindako lekuetatik ez igarotzeko eta garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin dute. “Nahitaez zirkulatu behar izanez gero, ordezko bideak erabiltzea, aurretik ibiltzea, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen aginduak jarraitzea eta errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen da”.
Errepideei buruzko informazioa 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.eus webgunean, twitterreko @TrafikoaEJGV kontuan eta TrafikoaEJGV APPan kontsultatu daiteke.