Markina Shots eta Topabeer jaialdirik ez dute edukiko aurten Markina-Xemeinen
Jaialdia egun eta ekimen bakarrera pasatzeko azken ahalegina egin badute ere, egoerak okerrera egin duela ikusita, jaialdia bertan behera uztea erabaki dute.
Azken momentura arte antolatzeko ahaleginetan ibili badira ere, azkenean, Markina Shots eta Topabeer bertan behera utzi beharrean egon dira antolatzaileak. Irailera, lehenengo, urrira, gero, eta azarora arte atzeratu dute jaialdia azkenean, baina hirugarrenez data aldatu eta gero, ezinezkoa egin zaie antolatzea.
Azaldu dutenez, azken ahalegin bat egin zuten jaialdia egun eta ekimen bakarrera pasatzeko: “Hiru bakarlari egongo ziren bakarrik agertokian, eta ordu beteko tartea utziko zen bakoitzaren kontzertuen artean, teknikariek ez zezaten elkarrekin kontakturik eduki. Tarte horretan guk jendea kaleratu eta jarlekuak desinfektatzeko aukera edukiko genuen hurrengo emanaldirako, edukiera kontrolatuz, jarrita eta segurtasun neurri guztiekin”. Baina, birusaren erruz egoera okerrera doala ikusi dute, eta jaialdiaren muina kale formatua eta elkarren arteko berotasun eta hurbiltasuna izanik, oso gaitza dela ikusi dute denen segurtasuna bermatzea.
Kultur arloko jendea egoera gogorra pairatzen ari dela esan dute, eta horiei bultzada bat ematea ere bazuten asmoa. “Bagenekien ez zela berdina izango, baina kulturari gure ekarpena egin nahi genion, eta hortik bizi direnei gure laguntza eskaini, baina azkenean hau ere jausi egin zaigu”.
Aurreratu dutenez, aurten inoiz baino jaialdi indartsuago bat antolatzea zuten asmoa, eta pentsatuta zituzten talde eta ekintzak mantendu eta datorren urtean burutuko dituzte. “Ezusteko pila bat genituen prestatuta, eta datorren urterako utziko ditugu”.