Beste 28 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain
Azken 24 orduetan ondoko herrietan atzeman dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (12), Ondarroa (7), Berriatua (6), Etxebarria (2) eta Munitibar (1). Nahiz eta Lekeition azken orduetan kasu berririk ez duten erregistratu, transmisioa altua duen herrietako bat izaten jarraitzen du.
Atzo [urriak 20] COVID-19agaz kutsatutako 28 kasu berri erregistratu zituzten Lea-Artibain. Ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (12), Ondarroa (7), Berriatua (6), Etxebarria (2) eta Munitibar (1). Aipatzekoa da Lekeition azken orduetan ez dutela kasu berririk erregistratu. Izan ere, Lekeitio transmisio altua duten herrien artean dago; atzo ere 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatua 538,23koa zen Lekeition. Bestetik, Markina-Xemeinen erregistratzen ari diren kasu berriak asko izaten jarraitzeari dagokionez, osasun arloko arduradunek joan den astean iragarri zuten hurrengo bi asteetan datuak altuak izaten jarraituko zutela.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo [urriak 20] 10.817 PCR egin ziren, eta horietatik 819 positibo erregistratu zituzten (%7,6). Lurraldez lurralde, ondokoak izan dira erregistratutako kasuak: 377 Gipuzkoan, 342 Bizkaian eta 85 Araban. Beste 15 kasu EAEn bizi ez diren herritarren artean atzeman zituzten. Eta, beste behin ere, kasu berri gehienak (336) 40-64 urte bitarteko herritarren artean erregistratzen jarraitzen dute.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzora arte [urriak 20] 328 pertsona zeuden ospitaleratuta hiru lurraldeetako ospitaleetan. Eta horietatik 59 zeuden ZIUn (herenegungo datu bera). Atzo, gainera, azken lau egunetako ospitaleratze gehien egin ziren (53).