Iñigito Txapelpunk: "Nagusiek eta umeek bat egin eta elkarregaz gozatzeko proiektua da"
Aste gutxi batzuk barru kalean egongo da Iñigito Txapelpunken Euskal Herri Magikoa proiektu berria. Umeen mundu magikoan murgilduta, Euskal Herriko herri ezberdinetan gertatzen diren ipuinak idatzi ditu musikari lekeitiarrak.
Musikari gisa eta kantuan ezaguna da Iñigito Txapelpunk lekeitiarra. Hainbat diska eta ehundaka abesti kaleratu ditu, baina Euskal Herri Magikoa proiektuak barru osoa astindu diola esan dio HITZAri. Disko guztiak maite baditu ere, proiektu honegaz zer edo zer berezia sentitu duela aitortu du. Bihotza ikutu eta sentimendu asko eragin dizkio.
Zelan hasi duzu idazle modura bide berri hau?
Idazten, egia esan, bizi guztitik nabil. 13, 14 eta 15 bat urte geneuzkanean, lau lagunen artean film batzuk grabatu genituen Super 8an, eta film horretako hiruren gidoiak idazten parte hartu nuen. Film horrek Lekeitioko Euskal Zine Bileran, Zestoako Zine Topaketetan eta Gasteizko lehiaketan ere aurkeztu genituen, eta sari batzuk irabazi ere bai, euskarazko gidoi onenarena, esate baterako. Oso gazteak ginen, eta gidoia idazteagaz gainera aktore lanak ere egin genituen. Gero, beste film labur bat ere egin genuen 1988an. Beste alde batetik, orain dela 20 urte inguru, nire bizitzako pasarteak idazten hasi nintzen. Gertatzen zaizkidan gauzak idazten ditut, eta konturatu naiz pila bat daukadala idatzita; gustatuko litzaidake baita ere, hemendik hiruzpalau urtera, horren haritik liburu desberdin bat argitaratzea. Eta, gero, beti kantak idazten ibili naiz. Ez daukat idazle titulurik, baina hemendik aurrera, lehen argitalpena egindakoan, idazlearen titulua emango didatela uste dut.
Zer da Euskal Herri Magikoa?
Euskal Herrian gertatzen diren umeentzako euskarazko ipuinak idazten ari naiz. Magiaz eta abenturaz betetako istorioak dira. Lehenengo liburua Gabonetako ipuinak izango da.
Zerk bultzatu zaitu ipuinak idaztera?
5 eta 7 urte dituzten nire loba Haritzek eta Etxahunek. Ni beti izan naiz oso ume zalea, umeekin jolastea gustuko dut, eta beti ibili naiz ditudan lobekin jolasten. Orain dela urte bitik hona, Haritz eta Etxahunegaz jolasten, euren munduan sartu nintzen. Niretzako nagusiak nagusien modura bizi gara, eta umeak umeen moduan. Umeak jolasten ari direnean edo ipuin bat kontatzen diegunean magia berezi bat sortzen da. Konturatu barik eurekin bat egiten dugu, hori da Euskal Herri Magikoa. Denok izan gara umeak, eta denok ditugu sasoi horretan bizitako oroitzapen oso onak: lagunak, amuma, aitxitxa, gurasoak… Eurekin bizitako hainbat momentu magiko ez ditugu inoiz ahaztuko; hori da Euskal Herri Magikoa, eurekin jolastea, eurekin egotea. Umeen munduan sartu nintzen, eta ni ere ume bihurtu. Denok daukagu ume bat barruan, eta nik pentsatzen dut, momentu honetan, lau-bost ume daudela nire barruan. Eurek erakutsi didate mundu magiko horretan sartzen, eta han ikusi dudana idatzi eta kantatu dut, eta, orain, jendeari erakutsi nahi diot, batez ere umeei.
Zer kontatzen duzu lehen ipuin hauetan?
Kasu honetan Olentzero non jaio zen, nortzuk diren bere gurasoak, Mari Domingi, Napo, zelan elkar ezagutu zuten… Pila bat abentura kontatzen ditut. Lan gogorra izan da, eta buru-belarri ibili naiz grabatzen Mendexako estudioan, baina, aldi berean, erraza egin zait, oso gustura ibili naiz eta. Azkenean, lan polit bat sortzea lortu dut. Adiskidetasuna eta elkartasuna bezalako balioak transmititzen dituzten ipuinak dira. Natura eta berdintasuna, esate baterako, presente daude bilduma honetan. Gai horietaz hitz egin nahi diet umeei, baina oso modu naturalean. Proiektu honegaz nahi dudana da jende guztiari mezu bat zabaltzea, eta esatea ez ahazteko inoiz ere ez eurek txikitan bizi izan zituzten momentuak, ze hori oso magikoa da.
“Asko gustatzen zait idaztea, baina ez koadernoetan; folioetan, paperezko musuzapietan, kartoi zatietan… hor gustatzen zait idaztea”
Eta zuri ipuinak kontatzea gustatzen zaizu?
Gurasoak, osaba-izebak, aiton-amonak ipuin kontalariak ere bagara. Zenbat ipuin kontatzen ditugu momentuan asmatutakoak. Proiektu hau aproposa da guraso edo anai arrebak elkarregaz aritzeko, euren ume edo anai txikiei ipuina kontatu eta gero eurekin abesteko. Nagusiek eta umeek bat egiteko eta gozatzeko proiektua da.
Zertan oinarritu zara ipuinak idazteko?
Asko gustatzen zait idaztea, baina ez koadernoetan; folioetan, paperezko musuzapietan, kartoi zatietan… hor gustatzen zait idaztea, ez dakit zergatik. Kafeak ere asko laguntzen dit, baita inguruak, lagunak eta familiak, eta herriak berak ere bai. Momentu honetan Mendexan bizi naiz, eta zelako magia dauka herri honek. Gustura nago hemen. Lekeitio ere oso berezia da niretzat, bertan jaio nintzen, bizitza Lekeition egin dut beti, eta oroitzapen oso-oso onak ditut, txikitakoak asko.
Zenbat denbora eraman dizu honek lanak?
Bi urte egin ditut proiektu hau prestatzen, baina bi urte hauetan ez naiz honetara aritu bakarrik. 32 kantu edo atera ditut, batzuk Txapelpunkentzat.
Liburuagaz batera diska bat ere kaleratuko duzu.
Liburua zabaldu eta lehenengo orrialdean egongo da CDa. 11 abesti edukiko ditu diskak. Azken momentuan Euskal Herri Magikoa izenburua daukan kanta ere gehitu diot. Kanta horretan azaltzen da, nahikoa ondo nire ustez, Euskal Herri Magikoa proiektua. Euskal Herrian nagusiak eta umeak bizi gara, bakoitza bere ikuspuntuagaz, eta herri bakoitzak ere bere magia dauka. Herri bat niretzat ez dira etxeak, herri bat jendeak egiten du, orduan herri bakoitzak bere magia dauka, eta nire asmoa da, urtero bada hobeto, ipuin liburu bat kaleratzen joatea herri ezberdinetako kontakizunekin. Oraingoan, esate baterako, Zamudio, Mungia eta Zugarramurdi sartu ditut ipuinean, baina nire asmoa Euskal Herriko herri guztiak ikutzea da jendeari ipuin baten bidez erakusteko herri bakoitzak daukan magia berezia. Idatzita eta kantuen bidez ere bai. Hurrengo liburua, erdi amaituta daukat, eta hurrengo agertuko diren herriak Lekeitio, Larrabetzu eta Mendexa izango dira. Herri horiek aukeratu ditut niretzako oso bereziak direlako. Horregatik lehenengo erreferentziak Lekeitio, Larrabetzu, Mendexan, Zamudio, Mungia eta Zugarramurdikoak dira.
Jarraipena daukan proiektua da hau, beraz.
Heriotza etorriko da egunen batean nire bila, baina ea egun hori urrun dagoen eta aukera daukadan hainbat eta hainbat ipuin idatzi eta kanta sortzeko.
Proiektu honetan bakarrik ala lagunduta egon zara?
Abesti guztiak konposatu ditut, letrak egin, musika sortu, instrumentu guztiak sartu eta liburua idatzi dut nik, baina hor izan dut ondoan Oihane Eskurza emaztea. Proiektua, ezkutuan ez, baina famili artean eraman dut, ez dut zabaldu nahi izan, eta isilean egon da urte bitan. Baina iritziak behar nituen, eta Oihanek asko lagundu dit, baita familikoek ere, eta zelan ez, Haritzek eta Etxahunek; eurak dira guzti honen errudunak. Biek abestu dute Mari Domingi abestia ere.
Kantuan ere jarri dituzu orduan.
Haritzek eta Etxahunek Mari Domingi abestian kantatzen dute, eta Oihanek ere parte hartzen du horretan. Oihanek, gainera, Napo, Zugarramurdiko Sorginak, Munduko Magoak eta Miren eta Olen abestietan ere abestu du nigaz batera.
Proiektua Denonartean argitaletxeagaz kaleratuko duzu.
Nafarroako argitaletxe bat da, eta konexio oso ona eduki dut eurekin. Orain urte eta erdi inguru deitu nien, proiektua azaldu, eta ni nintzelako kaleratzerik ez nuela nahi esan nien. Nik nahi nuena zen eurek benetan gustukoa izatea, nik sentitzen dudana sentitzea, eta hori hala bazen, aurrerantz egingo genuela esan nien. Bestela, niretzako gordeko nuela, eta kitto. Idatzitakoa bidaltzeko esan zidan, eta hurrengo egunean deitu nuenean, asko gustatu zitzaiela esan zidaten. Orain, fabrikara botatzeko azken ikutuak ematen ari gara.
“Proiektu hau oso berezia izan da niretzat, bihotza ikutu eta barruan nituen sentimendu asko atera dizkit”
Zure liburuko ilustratzailea nor izan duzu?
Irati Merino Petralanda. Ni ipuinen munduan oso galduta nengoen, nire lehen liburua da, eta ez nekien nori deitu. Argitaletxekoek esan zidaten ezagutzen zutela proiektu honetarako pertsona egoki bat. Beragaz jarri ginen kontaktuan, gustatu zitzaion proiektua, eta batu egin zen. Hala ere, telefonoz deitu nion aurrez aurre ezagutu nahi nuelako. Bilbon geratu ginen kafe bat hartzeko, eta proiektuari buruz berba egin genuen, ikuspuntuak, bata eta bestea… oso ondo konektatu zuen nigaz, nire ideiekin, eta berak egin ditu ilustrazio guztiak nahi bezala.
Ipuina ere bidali zenion?
Bai, ipuina bidali nion irakurtzeko eta bera ere Euskal Herri Magikoan sartzeko. Konexioa primerakoa izan zen, nire buruan eta bihotzean neukana antzematen jakin zuen lehenengotik. Ilustrazioak egiten hasi zen, eta eginda zeukana bidali zigunean harrituta geratu ginen. Irudi politak dira, eta oso ondo lotzen dira ipuinekin eta abestiekin. Abestiak ere bidali nizkion proiektuan ondo barneratzeko aukera edukitzeko. Proiektu osoa partekatu dut beragaz, horrela bere buruan irudiak errazago sortuko zitzaizkiola uste nuen, errazagoa izango litzaiokeela lan egitea eta ideiak paperera eramatea; taldeko formula hori erabili genuen. Denonartean argitaletxeak, Iratik eta hirurok konexio ona eduki dugu, eta hau izango da horren emaitza.
Emaitzagaz pozik zaudela dirudi.
Oso pozik, ematen du 8 urteko mutiko bat naizela. Proiektu hau oso berezia izan da niretzat, bihotza ikutu eta barruan nituen sentimendu asko atera dizkit.
Noiz egongo da kalean?
Azaroaren lehenengo astean edo bigarrenean. Gogo handiz nago ateratzeko, proiektu honen lehen fruitua ikusteko. Bideoklip bat ere grabatu dugu Mendexan, eta aurrerapen modura esango dizut Ylenia Bagliettok eta Mitxel Santamarina aktoreek parte hartuko dutela bertan. Gidoia oso polita da, eta paperean idatzita dagoen modura ateratzen bada, oso polita geratuko da.