Markina-Xemeingo Patrokua jauregiko ikasgela erabiltzeko aukera egongo da berriro
Aste osoan egongo da erabilgarri ikasgela, 09:00etatik 22:00etara. Barikura arte [urriak 23] egongo da ikasgela erabili ahal izateko eskaerak egiteko aukera.
Patrokua jauregiko bigarren solairuko ikasgelaren erabilera adosteko hitzarmen berria sinatu zuten atzo [urriak 20] Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak eta Koldo Goitia Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak. Eta, beraz, Patrokua jauregiko ikasgela erabiltzeko aukera edukiko dute, berriro ere, markina-xemeindarrek. Aste osoan egongo da erabilgarri ikasgela, 09:00etatik 22:00etara.
Ikasgela erabili nahi dutenek udaletxean egin behar dute eskaera; aurrez aurre, Berton bulegoan, edo posta elektronikoz, udaletxera idatzita. Horretarako, eskaera orria beteta eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte. Eskaerak aurkezteko azken eguna barikua [urriak 23] izango da.
Udalak jakitera eman duenez, 16 urtetik gorakoek erabili ahalko dute ikasgela, eta gehienezko erabiltzaile kopurua 20 lagunekoa izango da. “Erabiltzaileek erantzukizunpeko adierazpena sinatu beharko dute giltza jasotzean”, zehaztu dute.
Erabiltzaile bakoitzak, nahitaez, higiene eta segurtasun neurriak hartu beharko dituela gaineratu dute: “maskararen erabilera une oro, sarreran eta irteeran eskuak garbitzea, segurtasun distantzia gordetzea eta irteterakoan erabili den gunea desinfektatzea”.
Bestalde, udalaren ardurapean geldituko dira COVID-19-a dela eta hartu beharreko neurri eta erantzukizun guztiak.