Santo Tomas azokarik ez dela egingo iragarri du Lekeitioko Udalak
Azoka jende asko erakartzen duen ekimena izanik, jende pilaketak saihesteko, hobeto dela ikusi dute ez antolatzea.
COVID- 19aren pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, urtero, Lekeitioko Udalaren eta Lea-Artibai Landa Garapenerako alkartearen eskutik, abenduaren 21ean ospatzen den Santo Tomas Azoka bertan behera ustea erabaki dute antolatzaileek. Santo Tomas azoka jende asko erakartzen duen ekimena izanik, hobeto dela ikusi dute ez antolatzea.
“Azokan jende asko biltzen da urtero, izan ere, lekeitiarrez gain, eskualdeko jende asko etortzen da egun horretan. Jende pilaketak saihesteko eta denon ongizatea bermatzeko, ez da egoki ikusten tamaina honetako azoka bat antolatzea. Hori horrela, pena handiz aurtengoan Santo Tomas azoka ez ospatzea erabaki da”, azaldu dute.
Gogora ekarri dutenez, azokaren helburu nagusia Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta, eta, aldi berean, haien produktuen kontsumoa bultzatzea. Horrela, urtero, ortuariak, esnekiak, ogia, txerrikiak, ahatekiak, kontserbak edota eztia saltzen duten 40 postu inguru egoten dira azokan, eta horrez gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere egoten da ikusgai. Baina, “zoritxarrez”, momentu honetako osasun egoera dela eta, azokak hurrengo uretara itxaron beharko duela esan dute.
Urte askoan egin barik egon ondoren, 1988 urtean berreskuratu zuten Lekeitioko Santo Tomas azoka. Beraz, 32 urte eta gero, aurtengoa izango da azoka ospatzen ez den lehenengo aldia.