Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia hastear da
Ugaitz Mugertza mutrikuarrak finalerako txartela lortzeko kanporaketa jokatuko du zapatuan. Aratz Mugertza anaiak lehen mailarako promozioa lortzeko lehiatuko da azaroaren 29an, Bilbao Arenan
Garai berrietara egokitu, eta aizkolaritzak “modernitaterantz pauso bat” emanda, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia zapatuan hasiko dute, Zestoako Gurutzeaga frontoian, 18:00etan.
Ugaitz Mugertza mutrikuarra bertan egongo da, eta haregaz batera, aizkolari hauek parte hartuko dute zapatuko sailkapen txanda horretan: Txikia IV, Otaño, Ruben Saralegi, Rekondo, Larrañaga, Iker Vicente, Mujika, Irazu eta Atutxa II.
Lehen mailako hamar aizkolari horietatik sei sailkatuko dira azaroaren 29ko Bilbao Arenako finalera. Egun horretan, gainera, lehen mailarako promozioa lortzeko borrokatuko dira zortzi aizkolari hauek: Aratz Mugertza mutrikuarra, Larrea III, Corchero, Jauregi, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai lV eta Julen Kañamares. Euskal Irrati Telebistak zuzenean eskainiko ditu aipatu bi final horiek.
Aizkolariek euren apustuari eutsi diote. Aizkolaritza beste kirol batzuen maila berera igotzea da euren helburua, eta garai berrietara egokitzeko ekintzak garatzea, haren ikusgarritasun handiagoa lortzeko. Hain zuzen ere, futbola, arrauna edota pilotaren moduan, liga profesionalak dituzten beste kirol batzuen maila berera igo nahi da aizkolaritza.
“Bada garaia; denbora daramagu arlo honetan hausnartzen eta aurten aizkolaritzako kirolaririk onenek urrats irmoa emateko erabakia hartu dugu”, adierazi du bost biderrez Euskal Herriko txapelduna izan den Aitzol Atutxa aizkolari bizkaitarrak.
Txapelketaren lehen edizio honek aldaketak ekarriko baditu ere, formatu klasikoan aurkeztu da. Baina etorkizunekoetara begira formatu berritzaile eta erakargarriagoak lantzen ari dira, kontsumo-garai eta -modu berrietara egokitzeko.
Kirol tradizional hau hedatzeko eta bultzatzeko bide berriak ere bilatu dituzte “ingurune digitalean”; webgunea sortu (www.aizkolaritxapelketanagusia.eus) eta sare sozialetan egotea erabaki dute. Hain zuzen, jakitera eman dute laster finalerako sarrerak web orrialdean eskuratu ahalko direla.
Aizkolariei eskaini diguten laguntza eskertu diete Sherpa.ai enpresari eta haren sortzaile den Xabi Uribe-Etxebarriari. “Sherpa.ai Adimen Artifizialean lan egiten duen enpresa bat bidelagun izateak, gure kirolean bideratu nahi dugun modernizazioaren adierazgarri argia da”, azpimarratu du Atutxak.