Beste 18 positibo erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Azken 24 orduetan ondoko herrietan erregistratu dituzte positibo berriak: Markina-Xemein (5), Mutriku (4), Etxebarria (3), Ondarroa (2), Lekeitio (1) eta Mendexa (1). Lekeitiok eta Markina-Xemein transmisio oso altua duten herrien artean egoten jarraitzen du.
Atzo [urriak 21] egindako probetan COVID-19arekin kutsatutako beste 18 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Ondoko herrietan atzeman dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (5), Mutriku (4), Etxebarria (3), Ondarroa (2), Lekeitio (1) eta Mendexa (1). Azken egunetan modura, Lekeitiok eta Markina-Xemeinek transmisio oso altua duten herrien artean egoten jarraitzen du.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oro har, atzo [urriak 21] 13.470 PCR egin zituzten, eta horietatik 1.033 positibo atzeman zituzten (%7,7). Eta azken egunetako joera mantendu egiten da, eta kasu gehienak Gipuzkoan (503) ari dira erregistratzen; Bizkaian 423 kasu zenbatu zituzten, eta 96 Araban. Beste 11 kasu EAEn bizi ez diren herritarren artean erregistratu zituzten. Kasu gehienak 40-64 urte bitarteko herritarren artean jarraitzen dute erregistratzen.
Ospitaleratutakoei dagokienez, hiru lurraldeetan 339 pertsona daude ospitaleetan COVID-19aren eraginez. Eta horietatik 62 ZIUn daude. Aurreko egunetan aipatu modura, ospitaleratutakoen kopurua eta ZIUn daudenena goraka doa.