III. Dzanga Kayak-Surf Txapelketa lehiatuko dute Karraspion
30 piraguistak parte hartuko dute zapatuan [urriak 24] jokatuko den Euskadiko Kopako bigarren proban.
Dzanga Lekeitioko piragua taldeak antolatuta, III. Dzanga Kayak-Surf txapelketa lehiatuko da zapatuan [urriak 24] Mendexako Karraspio hondartzan. Euskadiko Kopako bigarren proba izango da. Hainbat kategoriatan banatu dute lehia, eta goizean kanporaketak jokatu ondoren, finaleko saioak jokatuko dituzte arratsaldean.
Martxoan zeukaten txapelketa egiteko asmoa, baina COVID-19a dela eta bertan behera utzi behar izan zuten. Oraingoan, 30 parte hartzaile izango ditu lehiaketak, eta 12:00etan hasiko da. Itsasgora eguerdian dela eta eguerdirako olatu handiak aurreikusten direla jakitera eman du Ainhoa Tolosa Dzanga piragua taldeko kideak. Txapelketa 18:00ak ingurura arte luzatuko dela azaldu du, eta ondoren, bertan Karraspion egingo dute sari banaketa, gizonezkoen piragua motzeko finala eta gero.
Open, kadete, junior, master, grand master eta emakumeen kategorietako kirolariek parte hartuko dute norgehiagokan. Parte hartzaile guztiek bi modalitatetan parte hartzeko aukera dutela azaldu du Tolosak, piragua motzak edo luzeak.
Ohi modura, ekitaldi bakoitzean 10 olatu hartu ahalko dituzte partaideek eta bi puntuazio hoberenak hartuko zaizkie kontuan. Ekitaldi bakoitzeko kirolari bi igaroko dira hurrengo fasera.
Parte hartzaileen artean egongo dira Lekeitioko Dzanga taldeko kirolari bi ere: Ainhoa Tolosa eta Xabier Ituarte. Txapelketa aurrera eramaten laguntzen duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Dzanga Taldekoek.