ITAIA emakumeen antolakunde sozialistak aurkezpenak egingo ditu Lea-Artibain eta Mutrikun
Zapatuan [urriak 24] Mutrikuko Gaztetxean egingo dute aurkezpena, 19:00etan. Urriaren 30ean Lekeition egingo dute, eta 31n Ondarroan.
Orain dela bi urte sortutako ITAIA emakume sozialisten sareak talde propioak sortu ditu Lea-Artibain eta Mutrikun, eta aurkezpenak egingo dituzte datozen egunetan. Zapatuan [urriak 24], esaterako, 19:00etan Mutrikuko Gaztetxean egingo dute, hilaren 30ean, 19:00etan, Lekeitioko Gaztetxean, eta 31n, 18:00etan, Ondarroako Gaztetxean. Esan dutenez, gonbidapenak sare sozialen bidez zabalduko dituzte (Twitter eta Instagram). Gainera, forma aldaketa dela eta, orain ITAIA Emakumeen Antolakunde Sozialista izena ipini diote proiektuari.
Emakume langileek pairatzen dituzten arazoei politika arloan lekua egitea da sarearen helburua. «Jasaten ditugun zapalkuntza guztiak identifikatu eta horiei aurre egiteko proposamen politikoa garatzen aritu gara, eta, orain, eskualdez eskualde dugun indar militantea batzeko hautua egin dugu».
Gaineratu dute egungo testuinguru ekonomikoari erreparatuta, jendartea emakume langileen «zapalkuntza gainditzetik urrun», atzeraldi ekonomiko «gogor» baten aurrean dagoela. Osasun krisiak, gainera, atzeraldi ekonomikoa bizkortu eta emakume langileen bizi baldintzak modu agerikoan kaltetu dituela azpimarratu dute.
Datozen urteak «ilunak» izango direla eta, zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean emakume langileen askapena gorpuztu nahi dute. «Gaurdanik programa sozialistaren baitan lan egingo dugu».
Bada, horren guztiaren berri emateko eta indarrak batzeko egingo dituzte aurkezpen ekitaldiak datozen egunotan udalerriz udalerri.