Master Goxua txapelketako bost partida jokatuko dira asteburuan
Eusko Jaurlaritzak iragarritako azken neurriak direla eta txapelketagaz jarraitu ahalko duten ez dakite Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek.
Aldaketarik ez badago, Master Goxua Txapelketako 4. eta 5. jardunaldiak jokatuko dira asteburuan Markina-Xemeingo frontoi txikian. Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, bost partida jokatuko dira, hiru zapatuan [urriak 24] eta bi domekan [urriak 25].
Eusko Jaurlaritzak iragarritako azken neurriak direla eta, kolokan dago Markina-Xemeingo 2. Master Goxua Txapelketa. Kirol lehiaketa ez federatuak bertan behera utziko zituela jakinarazi zuen jaurlaritzak joan den zapatuan [urriak 17], eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek ez dakite txapelketarekin jarraitu dezaketen ala ez. “Buletinean agertuko den ebazpenari itxaroten gaude, eta horren arabera hartuko dugu erabakia”, azaldu dute.
Bien bitartean, hala ere, aurrera doa txapelketa, eta martxa onean, gainera. “Birusagatik jokalari batzuk konfinatuta egon behar izan badute ere, txapelketa bide onetik doa, ez gabiltza asko atzeratzen, aurreikusitako martxan doa”.
Joan den asteburuan sei partida jokatu zituzten eta beste bost jokatuko dituzte oraingoan, hiru zapatuan eta bi domekan. Liga azaroaren 8an amaituko da, eta azaroaren 21ean eta 28an final-laurdenak jokatuko dituzte. Atzo [urriak 21] jokatu zen, atzeratutako partida bat, Lorenzo-Lariz eta Txirloi-Gisasola bikoteen artekoa. Lehia mantendu zen amaierara arte; 18-17 irabazi zuten Lorenzok eta Larizek.
Asteburu honetako partidak ondorengoak izango dira:
Zapatuan, 16:30ean hasita:
- IƱaki-Pello/Roberto-Mikel
- Bikandi-Bereikua/Onagoitia-Joanes
- Laka-Eritz/Bustindui-Ezpeleta
Domekan, 10:00etan hasita:
- Iker Mendibe-Urizar/Iglesias-Agarre
- Peio Etxebarrieta-Oier Urrutia/Ansotegi-Jaio
Ikuslerik barik. Ikusleei dagokionez, bestalde, txapelketaren hasierako jardunaldietan segurtasun protokolo bat jarraitu dute. “53 laguneko ikusle kopurua zehaztu genuen, aulkiak jarri genituen bi metroko distantziekin eta maskaragaz egon behar zuten uneoro ikusleek”. Baina Markina-Xemeingo egoerari erreparatuta, neurriak zorroztu eta txapelketa ikuslerik barik jokatzea erabaki zuten joan den astean. “Jendea egonez gero beste giro bat sortzen da, baina egoerak neurri zorrotzagoak behar zituela iruditu zitzaigun”, azaldu du Urionabarrenetxeak. “Gauzak hobetu bitartean” berdin jarraituko dute.