Mendizale helduen ibilaldian 40 pertsonak izena eman dute
Domekan egingo dute 15 km-ko mendi martxa, segurtasun protokoloa betez. Parte hartzaileek hamar pertsonako taldeetan egingo dute ibilbidea.
32. Mendizale helduen ibilaldia egingo dute domeka honetan [urriak 25]. Mendigoizaleak 08:30ean irtengo dira Mutrikuko Txurruka Plazatik 15 km-ko ibilbidea egiteko.
Aurreko urteetan ez bezala, aurten nahitaezkoa izan da aldez aurretik izena ematea Burumendi Mendizale Elkartearen web orrialdearen bidez, eta 40 pertsonak parte hartuko dute. COVID-19agatik hartu zuten erabaki hori antolatzaileek, eta egunean bertan ezingo dela izena eman gogora ekarri dute. Horrez gain, aurten ez dute bazkaria egingo.
Segurtasun protokoloa prest daukate. Maskarak jarrita eduki eta distantziak mantendu beharko dituzte. Hamar laguneko taldeetan irten eta egingo dute mendi martxa, “denak batera ez pilatzeko”, eta ibilaldian zehar martxan doazen bitartean maskarak kendu ahalko dituzte, baina hasieran zein bukaeran eta gelditzen badira soinean ipini beharko dituzte.
Parte hartzaileak honako ibilbidea egingo dute: Mutriku-Ondabarro-Ibiri-Abeletxe-Arnoko kurutzea-Bandera-Kanpazar-Ormola-Apain-Kalbaixo-San Juan-Talaixa-Alkolea-Mutriku.
“Martxa bera zalantzan egon da azkenengo momentura arte. Ez genekin egiteko aukerarik egongo zen edo ez. Momentu batzuetan ekintzak bertan behera geratu dira. Gipuzkaoko federazioarekin hitz egin eta euren laguntzagaz aurrera ateratzeko ahalegina egingo genuela erabaki genuen. Eta halako ekintza bat egiteko orain udalaren baimena ere behar da, eta eman zigun”, azaldu dute Burumendi Mendizale Elkartearen kideek. Aurreko urteetan 100 bat partaidek egin izan dute ibilaldia. “Batzuk eguneko plana eginda etortzen ziren, eta aurten bazkaririk ez dagoenez atzera bota dira”. Parte hartzera animatu direnei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek: “Ea denok segurtasun arauak betetzen ditugun, eta ea eguraldiak laguntzen digun eta dena ondo doan”.