Azken orduetan beste 27 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo [urriak 22] egindako PCR probetan eskualdeko ondoko herrietan atzeman zituzten kasu berriak: Markina-Xemein (10), Ondarroa (7), Lekeitio (4), Berriatua (2), Etxebarria (2) eta Mutriku (2).
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako beste 27 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Ondoko herrietan atzeman dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (10), Ondarroa (7), Lekeitio (4), Berriatua (2), Etxebarria (2) eta Mutriku (2). Markina-Xemeinek eta Lekeitiok transmisio oso altua duten herrien artean egoten jarraitzen dute.
Jaurlaritzak, baina, Markina-Xemeini ez dizkio neurri murriztaile bereziak ezarri, bai aldiz Lekeitiori. Eta horren zergatia azaldu du Markina-Xemeingo Udalak, Osasun sailagaz berba egin eta gero: “Jaurlaritzaren Bizi Berri Planak, biztanle kopurua kontuan edukitzeaz gain, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen ditu. Adibidez, herriko biztanleriaren bataz besteko adina, 1. olatuan edukitako kutsadura garapena, positibo kasuen kateak identifikatuta edukitzea edo ez…”. Beraz, faktore horiek guztiak kontuan hartuta, Markina-Xemein 5.000 biztanletik beherako herri bat balitz bezala hartzen dute, nahiz eta 5.100 biztanle inguru eduki. “Dena dela, kontuan hartzen dituzten faktoreak aldatuz gero, 5.000 biztanletik gorako herrietan sartuko gintuzkete”. Hala eta guztiz ere, Markina-Xemeingo Udalak Jaurlaritzak Bizkaiko 5 herriri ezarritako neurri berezietan jasotako gomendio batzuk errespetatzea erabaki du.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [urriak 22] 14.144 PCR egin zituzten, eta horietatik 1.207 positibo erregistratu zituzten (%8,5). Azpimarragarria da atzemandako positibo berrien ehunekoak 24 ordutan ia puntu bat gora egin izana. Lurraldez lurralde, ondokoak dira erregistratutako kasu berrien kopuruak: 561 Bizkaian, 545 Gipuzkoan eta 87 Araban. Azken egunetan ez modura, Bizkaian kasu gehiago erregistratu zituzten atzo [urriak 22]. Kasu berri horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean erregistratutako 11 kasu berriak gehitu behar zaizkie.
Ospitaleratutakoen kopurua ez da aldatu eguaztenetik; COVID-19aren eraginez 339 pertsona daude ospitaleratuta hiru lurraldeetan. Baina guzti horietatik ZIUn daudenak gero eta gehiago dira; azken orduetan 7 pertsona gehiago sartu dituzte ZIUn; guztira 69 pertsona daude ZIUn.