Domu Santu eguneko jende pilaketak saihesteko neurriak hartu ditu Lekeitioko Udalak
Astelehenetik aurrera [urriak 26] kanposantuko ordutegia zabalagoa izango da. Bisitak astegunean egitea gomendatu dute.
Domu Santu egunagaz lotuta neurri bereziak ezarri ditu Lekeitioko Udalak kanposantura sartzeko. Egun horren harira kanposantuan sortu daitezkeen jende pilaketak saihestea ezinbestekoa dela azaldu du udalak, eta horretara datoz neurri horiek.
Alde batetik, denak asteburuan joanez gero jende pilaketak egon daitezkeela ikusita, kanposantura urriaren 31a eta azaroaren 1a aurretik joateko gomendioa egin die udalak herritarrei. Horretarako, astelehenetik aurrera [urriak 26], kanposantuaren ordutegia luzatu egingo dute, 08:00etatik 20:00etara zabalduz. “Ordutegi horregaz errazagoa izango da denentzat aste barruan kanposantura joatea, gainera aste barruan jende gutxiago egongo denez, lasaitasun osoz joan ahalko dira”.
Bestalde, azaroaren 1ean kanposantua hiru gunetan banatuko dute, eta gune bakoitzera sartzeko ate ezberdin bat egongo da. “Horrekin, joan-etorriak errazago bideratu ahalko dira”. Gainera, herritarrei laguntzeko asmoz, informazio puntu bat jarriko dute, eta kanposantuaren inguruan laguntzaileak egongo dira jendea bideratzeko.
Udalak zehaztu duenez, urriaren 31an eta azaroaren 1ean ezingo dira autoak kanposantura igo.
Azkenik, maskarak denbora guztian ipinita eraman behar direla eta distantzia mantendu behar dela gogora ekarri dute.