Lander Garrok irabazi du XX. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa
Lehiaketara 29 lan aurkeztu dira, eta epaimahaiak ebatzi du Garroren nobela proiektua dela onena. Garrok urriaren 30ean jasoko du saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo den ekitaldian.
Lander Garro Hendaiako bizilagunak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai Nobela Beka Lehiaketa. Garrok Faith behin-behineko izenburua daukan nobela proiektua aurkeztu du lehiaketara, eta Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak erabaki du hori dela lehiaketara aurkeztutako lanik onena. Guztira, 29 lan aurkeztu dira lehiaketara.
Garrok urriaren 30ean 18:00etan Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo den ekitaldian jasoko du saria, Literatur Amuak jardunaldien barruan.
Proiektu irabazleari buruz. Garroren lanak Xabi Ugarte bere alter egoa-k Bartzelonara argazkilaritza ikastera joaten den denboraldiko gorabeherak kontatzen ditu; Ugarte Euskal Herriko giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian joaten da Bartzelonara.
Aurreratu dutenez, eleberri proiektuak ondoko ezaugarriak ditu: idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa.
Garroren ibilbidea. 1975ean jaio zen Errenterian, eta gaur egun Hendaian bizi da. Besteak beste, Orain galdera berriak ditut ipuin liburua eta Kontrarioa eta Gerra txikia nobelak idatzi ditu. Ikus-entzunezkoetan, batik bat argazkilaritzan nabarmendu da. Baina horrez gain, telebista saioen gidoiak egin eta errealizazioan ere lan egin du, baita zine zuzendaritzan ere. Alor horretan egin duen azken lana insumisioari buruzko Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala da.
Augustin Zubikarai nobela beka. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen, eta 2010. urtean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, ondokoak izan dira lan irabazleak eta egileak:
- 2010– Josean Agirre: Zwei Frauen (Bi emakume)
- 2011– Itxaso Araque: Damutzen ez direnak
- 2012- GarbiƱe Ubeda: Hobe isilik
- 2013- Garazi Kamio: Orube abandonatuak
- 2014- Jasone Osoro: 12etan bermuta
- 2015- Miren Gorrotxategi: 33 ezkil
- 2016- Katixa Agirre: Amek ez dute
- 2017- Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz
- 2018- Eneko Barberena: Afrikanerrak
- 2019- Idoia Garzes: Mendiko gaitza
- 2020- Lander Garro: Faith