Ander Okamika lekeitiarrak Burgos BH taldean emango ditu pedalkadak
Aste honetan eman du fitxaketaren berri Burgosko taldeak. 2021eko denboraldia egingo du talde horretan.
Eliteko erlojupeko Espainiako txapelduna eta Espainiako errepideko txapeldunordea izatea lortu du Ander Okamika lekeitiarrak 2020an Netllar Telecom-ALE taldeagaz, baita Alacanteko Itzuliko etapa bat irabaztea ere, eta lorpen horiek kontuan izan ditu Burgos-BH taldeak. Hala, txirrindulari lekeitiarra fitxatu dute, eta beraz, datorren urtean UCI ProTeamen lehiatuko du Okamikak, txirrindularitza profesionaleko bigarren mailan.
Burgos-BH taldeak adierazi duenez, bere ezaugarrietara ondoen egokitzen diren probetan ariko da txirrindulari lekeitiarra. Hau da, distantzia luzeak, biziak eta iraunkorrak dituzten probetan parte hartuko du, bizikleta gainean duen indarra garatu ahal izateko.
Txirrindularia oso pozik agertu da Burgos BHn sartu delako: “Profesionaltasunera jauzi egitea egia bihurtutako ametsa da, espero ez nuena. Ilusio asko egiten didan aukera berri bat da. Beti nahi izan dut probatu txirrindularitza, baina triatloian ere eroso egon naizenez, sekula ez dut probatu izan, eta aurten Koronabirusa dela-eta ez dugu udan triatloirik eduki, eta probatzeko aukera eduki dut. Oso ondo joan zait, emaitza onak lortu eta lehiakorra izan naitekeela erakutsi dut. Eta, Burgosek, orain, profesional mailan ere probatu ahal izateko aukera eman dit. Eskerrak eman nahi dizkiot Burgos-BH taldeari nire alde egin duen apustuagatik”.
Talentu berrien bila egiten ari diren lanaren baitan, Ander Okamikarengan jarri zutela arreta azaldu zuen David Cantera zuzendari teknikoak, Lekeitioko txirrindulariagaz fitxaketa sinatzeko batu zirenean: “Ander triatloitik dator, eta bertan erreferente izan da. Aurten, baina, errepidean aritu da %100, eta emaitza bikainak izan ditu. Beraz, txirrindulari profesionala izan zitekeela pentsatu dugu. Sasoi onean dago, eta ondo egokituko dela eta gaitasun handiak dituela uste dugu”.