Berbalagun egitasmoan parte hartzera animatu dituzte eskualdeko herritarrak
Gaur gaurkoz, eskualde mailan Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition gauzatzen da egitasmoa. Euskaraz hitz egin nahi duenari euskara praktikatzeko konfiantzazko eremu bat sortzen laguntzea da egitasmoaren helburua.
AEKren Berbalagun taldeak abian daude Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition, tokian tokiko udalek lagunduta. Horretarako, baina, herritarren parte hartzea behar dutela azpimarratu dute. Alde batetik, euskaraz gehiago praktikatu nahi dutenek izena eman dezakete (bidelariak), baina baita ere bidelagun izateko prest dauden euskaldun zaharrek ere. Izan ere, Berbalagun egitasmoak hori bera bilatzen du: euskaraz hitz egin nahi duenari euskara praktikatzeko konfiantzazko eremu bat sortzen laguntzea.
Egitasmoa duela 14 urte inguru jarri zela martxan gogorarazi dute. “Lehen eskualde mailan egiten zen. Orain, baina, herriz herri egiten da”. Ekimena ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa dela eta ez dagoela euskara ikasten hasi berri den bati zuzenduta zehaztu dute. “Ekimenean parte hartzen dutenek euskara maila bat eduki behar dute. Helburua da ikasleei euskaraz aritzeko trebetasuna ematea”.
Ekimenean parte hartzeko ez dagoela zertan AEKn matrikulatuta egon. Doako ekimena da, eta edonoiz izena eman daiteke hiru herrietako AEKren egoitzetan
Oro har, egitasmoak ikasleei euskarazko harremanak bultzatzen laguntzen diela argitu dute. “Ikasleei gertatzen zaiena da euskaltegira etortzen direla, eta gramatika oso ondo menperatzea lortzen dutela. Gero, baina, etxera joaten direnean, bere hurrekoekin dituzten harremanak gaztelaniazkoak dira”. Horren aurrean, Berbalagunek euskaraz aritzeko konfiantzazko gune bat eskaintzen diela diote.
Ekimenean parte hartzeko, baina, ez dagoela zertan AEKn matrikulatuta egon behar diote. “Parte hartu nahi dutenek izena ematen dute. Guk, gutxi gorabehera zein mailatan dagoen ikusten dugu, eta beragaz ariko den eta bere bidelaguna izango den euskaldun zahar bat aurkitzen dugu”.
Sortzen dituzten taldeak herri bakoitzean modu batekoak direla diote. “Ondarroan, esaterako, talde txikiak sortzen ditugu; bi, hiru edo lau laguneko taldeak egiten ditugu”. Talde horiek, egunerokotasuneko zereginetan batzen dira. “Parte hartzaileei euren zaletasunei buruz galdetzen diegu, eta horren arabera egiten ditugu taldeak. Zaletasunen arabarera bilatzen diogu bidelaguna. Batzuk umeekin ostera egitera ateratzen dira, beste batzuk kultur ekintzetara joaten dira…”. Orokorrean, euskara praktikatu nahi duena eroso sentitzea bilatzen dute AEK-koek. “Guk koordinazio lana egiten dugu”.
Ondarroan legez, Lekeition eta Markina-Xemeinen ere antzeko taldeak sortu izan direla esan dute. “Iaz, esaterako, Lekeition bi pertsonako talde bat egon zen; bidelagun bat eta bidelari bat batzen ziren. Gero, ikastolako eta Iturriotzeko taldeak ere egon ziren”.
Izena emateko. Zehaztu dutenez, ez dago epe batean izena eman beharrik. “Urte osoan izena eman ahal da. Hiru herrietako AEKra hurreratu daitezke, eta han izena eman”.
Gero, talde batzuk urteetan mantentzen direla diote. “Nik, adibidez, baditut nirekin berbalagun modura hasi ziren batzuk eta gaur egun nire kuadrillakoak direnak”, dio Txomin L. Aramaio Ondarroako AEKko irakasle eta Berbalagun egitasmoko parte hartzaileak. “Hasieran konfiantzazko pertsona bidelaguna izaten da, baina gero, gutxinaga, konfiantzazko eremu hori zabaltzen joaten da”.
Internet bidezko saioak. Martxoan, adibidez, konfinamendua ezarri zenean, Internet bidezko saioak egiten hasi zirela ere esan dute. “Orain, nahiz eta kalera irten ahal den, batzuk Internet bidezko saioak egiten jarraitzen dute. Aukera hori zabalik dago”.
Ondarroan, adibidez, bidelariak egon badaudela diote, baina bidelagunak ez daudela asko azpimarratu dute. Markina-Xemeinen bidelagunak bidelariak baino gehiago dira
Mintzodromoa. Ondarroan eta Markina-Xemeinen, gainera, Euskaraldia egingo den egunetan, Mintzodromoa izeneko gunea sortuko dutela aurreratu dute, urtero egin modura. Horretan Berbalagun talde ezberdinetako kideak batuko dituzte. “Herrika talde txikietan aritzeaz gain, saiatzen gara urtean behin edo birritan hiru herrietako Berbalagunak ekintza bateratu batean batzen”.
Parte hartzaileak. Herrien arabera, bidelari eta bidelagun kopuruak ezberdinak izaten dira. Ondarroan, adibidez, bidelariak egon badaudela baina bidelagun asko ez daudela azpimarratu dute. Beraz, euskaldun zaharrei egitasmoan parte hartzera animatzeko deia egin diete.
Markina-Xemeinen, ostera, bidelariak baino bidelagun gehiago daudela diote. “Markina-Xemeingo AEKn ikasle hasiberriak eta maila altua daukatenak daude. Erdibidekoak falta dira, Berbalagun egitasmoan parte hartzeko aproposak direnak”.
Truke harremanak ere existitzen direla gaineratu dute. “Kasu bat ezagutzen dut, zeinetan batek euskara irakasten zion, eta besteak ingelesa. Frantsesagaz ere egin izan dute truke hori. Aukera hori zabalik dago”.
Euskalkia edo euskara batua erabiltzeari dagokienez, erabaki hori parte hartzaileen esku dagoela diote. “Erosoen sentitzen diren moduan hitz egin dezakete. Bidelari batzuek, esaterako, egitasmoan izena ematen duten momentuan esaten dute nahiago dutela batuan hitz egin. Kasu horietan, batuan hitz egiteko prest dagoen bidelaguna bilatzen diogu”. Dena dela, batua praktikatu nahi duten euskaldun zaharrak ere egon badaudela diote.