Igor Jaio aulestiarra, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun
Xabalina modalitatearen Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu Igor Jaio aulestiarrak. Teknika eta indarra «asko landu» behar direla azpimarratu du Durangoko Kirol Taldeko atleta gazteak.
Xabalina jaurtiketan abila da Igor Jaio aulestiarra. Urtez urte markak hobetuta, aurtengo Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna da.
2020an egindako lanagaz eta lortutako emaitzekin pozarren dago: “Aurten urte ona izan da. Bi urterik behin aldatzen da kategoriaz, eta aurreko urteetan zilarrezko dominak eskuratu izan ditut”.
Lea-Artibaiko beste hainbat gaztetxogaz batera, Durango Kirol Taldeko atleta da aulestiarra. 11 urtegaz Markina-Xemeingo taldean egin zituen lehen urratsak atletismoan, eta orain dela hiru bat urte hasi zen xabalina jaurtiketako probetan parte hartzen. “Lehenengo urteetan proba denak egiten nituen; denetarik egiten duen apur bat. Kasualitatez, taldekako proba batean xabalinakoan leku bat bete behar zen, eta orduan probatu nuen. Orduan, gustatu, eta gaur arte horretan nabil”.
Kadete mailan lehiatzeko pasatu zen eskualdeko taldetik Durangaldekora: “Markina-Xemeingo taldean kadeteetatik aurrera ez zen entrenatzen, eta kadeteetan Durangoko klubera pasatu ginen. Xabalinan zentratuta nago, beste probaren batean aritu behar banaiz, aritzen naiz, baina gehienbat xabalina egiten dut, asko gustatzen zait eta”.
Buru-belarri entrenatzen. Aurtengo txapelketak amaituta, datorren denboraldira begira dago aulestiarra. “Datorren denboraldirako entrenatu eta ondo prestatu behar naiz. Xabalinaren pisua aldatzen dut. Pisu absolutura pasatuko naiz, eta indarra hartu eta gogor entrenatu beharko dut”.
Alde handia dagoela nabarmendu du: “Hasieran asko igartzen da. 100 gramoko aldea dago, eta ematendu ez dagoela aldaketarik baina badago. Xabalina zabalagoa eta luzeagoa da. Teknika asko landu beharko da, eta batez ere indarra ere bai”.
Maila mantentzea da bere lehentasuna, eta aurrera begira, Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortzeak ilusioa egingo liokeela aitortu du: “Espainiako txapelketa batera joan, eta maila erakustea gustatuko litzaidake”. Izan ere, Espainiakoan aritzeko gutxieneko markak lortu behar dituzte atletek, eta aurten metro bat eskasera geratu izanaren arantza geratu zaio: “52 m-koa zen gutxieneko marka, eta nik 51 pasatxo bota nuen”.
Kirolarien entrenamenduak baldintzatu ditu pandemiak, eta ezohiko denboraldi honetan konfinamendua inflexio puntua izan zen eurentzat. Behetik gora joan behar izan zuela gogoratu du Jaiok: “Konfinamentuaren aurretik neukan maila errekuperatzea izan zen helburua. Uda hasieran pare bat lehiaketa eduki genituen, eta gustura sentitu nintzen, eta ikusi nuen gehiagoren bila joan ahal nintzela”.