Markinako Sektorea, 36ko gerraren lekuko
Josu Santamarina Otaola arkeologoaren gidaritzapean, EHUko talde bat ibili da Markinako Sektorea deiturikoan zehar 36ko gerrako katalogazio lana egiten. Zapolazpiko bunkerraren 3Dko digitalizazioa egin dute.
36ko gerrari loturiko memoria historikoa berreskuratzen dihardu hainbat urtez Ahaztuen Oroimena elkarteak. Dokumentazioa, testigantzak… jaso dituzte Lea-Artibain kokatu zen Markinaldeko frontearen nondik norakoak gogora ekarri eta hemen gertatutakoa ahanzturan geratu ez dadin. Lan bikain horri gehitu zaio orain, gainera, EHUko ikertzaile talde baten ikerketa arkeologikoa. Josu Santamarina Otaola arkeologoaren zuzendaritzapean, Markinako Sektorea deiturikoan osatutako bigarren defentsa lerroko gerrarako defentsa eraikinak katalogatu dituzte, besteak beste, Zapolako bunkerra katalogatzen egon dira Ahaztuen Oroimena elkartekoen laguntzagaz.
Guda Hotsak egitasmoa ez da Markinaldeko frontera mugatzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritu dira lanean. Lan horregaz 36ko gerra garaiko gizartearen ezagutza lortu nahi dute, bere objektu eta espazioak aztertuta idatzita ez dagoen historia berreskuratu. Gerra da aztertu dutena, gerra, baina, prozesu industrial bat bezala, armak nola produzitzen diren, ze espaziotan produzitzen diren eta horrek ze hastapen uzten dituen. Santamarinak azaldu duenez, gerrek aztarna asko uzten dituzte, are gehiago gerra modernoek, industrialek, eta hemen ere horrelako gatazka beliko bat eman zen.
Arma, gotorleku eta bunkerrez gain, gerrak bere objektu bereziak, xumeagoak direnak eta indibiduoez hitz egiten dutenak ere badituela dio. Grafitiak eta markak dira horren adibide, eta arkeologiaren bidez horrelako aztarnak ere aurkitu nahi dituzte.
Arabatik hasita. 2016-2017an jarri zuten abian proiektua Araban. Araba iparraldeko zortzi udalerritan 75 gerra posizio ezagutu eta aztertu zituzten, eta beste Araba bat bazegoela ikusi dute, mendietan indar frankisten aurrean erresistentzia erakusten zuen Araba bat.
Zigoitia eta Legutio inguruetan bi bunker errepublikano aztertu zituzten, hemen dauden antzekoak, eta munizioa aurkitu dute bertan. Munizioaren jatorria edozein lekukoa dela ikusi dute, gainera, Txekoslovakia, Polonia, Alemania, Frantzia, Sobietar Batasuna, AEBak… Lurpean aurkitutakoaren arabera, beraz, 36ko gerra nazioarteko gerra bat izan zela dio Santamarinak: «Ikusten dena da herrialde asko sartuta zeudela, esate baterako, frankisten partean Alemania naziak protagonismo handia zeukan, horregatik topatzen dugu alemaniar munizio asko».
Bunkerretan eta haien inguruetan sinbolo politikoak eta izen propioak ere aurkitu dituzte, bai eta sinadurak ere. «Garai hartako batzuek ez zuten ahaztuak izaterik nahi, euren marka utzi zuten, eta orduan saiatu behar gara izen horiek berreskuratzen eta nortzuk ziren ezagutzen».
Ahaztuen artean are ahaztuago dagoen izen bat ere aipatu dute. Eurek ikusita, behintzat, euskal fronte osoan dagoen emakume izen bakarra: Katalina. «Nor zen Katalina? Ez dakigu kazetaria izan bazen, soldadua, izan ere, emakume milizianoen rola ez da oraindik oso ezaguna, inguruko emakume zibil bat, ez dakigu. Ikusten da emakumeen inguruan historia asko garatu behar dela, izan ere, askotan soldaduek badaukate euren izena, baina emakumeen kasua askoz ere zailagoa da».
Guztira, 213 gerra posizio dokumentatu dituzte 27 udalerritan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta miaketa arkeologikoak egin dituzte zenbaitetan, gerra ofentsiba horren leku zehatzak bilatzeko.
San Pedro mendian, Urduña eta Amurrio artean, Euskal Herriko gudarostearen beste posizio bat ikertzen ere aritu dira. Objektu pertsonalez gain, txanponak, txapa bat eta egunkari baten zatia ere aurkitu zituzten. Euzkadi egunkariaren ale bat, 37ko maiatzaren 5ekoa. «Milizianoen eguneroko bizitza erakusten du horrek, egunkaria irakurtzen zutela, enteratzen zirela zer gertatzen zen inguruan. Esate baterako, duela aste bete Gernika bonbardatu zutela aipatzen da egunkarian».
Arabako iparraldean egindakoa osatu eta frontearen beste aldea ere aztertu dute, Bilboko burdin hesia. Guztira, 213 gerra posizio dokumentatu dituzte 27 udalerritan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta miaketa arkeologikoak egin dituzte zenbaitetan, gerra ofentsiba horren leku zehatzak bilatzeko.
Proiektu horren baitan ez dute Lea-Artibain indusketarik egin, baina hainbat posizio dokumentatu dituzte, eta horregaz txosten bat egin eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko diote, posizioak babestu edo zenbaitetan indusketak egitea ahalbidetzeko.
Santamarinaren esanetan, Euskal Herriko leku gutxitan dago Markina-Xemein inguruan besteko hormigoizko bunker kopurua. Hormigoizko bunkerrak frontean oso gutxi eraiki zirela dio arkeologoak, logistika, tiroak eta material falta tarteko, oso zaila zelako horrelako azpiegitura bat eraikitzea. “Aiaraldea, Legutio eta Markina-Xemein ingurua dira batez ere horrelako azpiegiturak dituztenak. Arrazoi-
ren bat egongo da, eta hori aztertu beharrekoa da».
3Dko irudia. Hori dela eta, xehetasun topografiko bat egiten saiatu dira, eta, esate baterako, gaur egun dagoenari argazki bat atera asmoz, Zapolazpiko bunkerraren digitalizazio lan bat egin dute Miren Fernandez de Gorostiza topografoaren laguntzagaz.
Prestatu duten txostenean kontserbazioaz ere hitz egiten dute; baso mozketen ondorioz, suntsipen markak aurkitu dituzte gune batzuetan
Bunkerragaz gain, Zapolazpitik zegoen frontearen ikuspegia ere jaso dute software baten laguntzagaz. Begibistan dagoenegaz gainera, posizio ezberdinen artean zelako kontrola zeukaten argi ikusi daiteke horren bidez. «Ikusi daiteke Markina herri osoa zegoela bunkerren kontrolpean. Lehen lerroa ahula zela eta, bigarren lerroa egin zuen, antza, Euskal Gudarosteak. Bigarren lerro hori sendoa zen, oso ondo planifikatua zegoen, eta bailara osoa kontrolatzen zuen».
Prestatu duten txostenean kontserbazioaz ere hitz egiten dute. «Bunker hauek batzuetan zabortegi bezala erabili izan dira, eta pinuen gaixotasuna dela eta, bereziki bailara honetan, gerrako espazio batzuetan suntsipen marka dezente antzematen dira». Baso mozketetan makinak sartuz gero, horrelako egiturak asko suntsitzen direla dio. «Erremintaren bat bilatzen saiatu behar da hau guzti hau bideratzeko; garrantzitsua da kontuz ibiltzea».