Mobilizazioekin jarraitzen dute osasun langileek
Elkarretaratzeak egin dira gaur [urriak 28] Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan. Greba ere deituta dago.
Ekainean hasitako mobilizazioekin jarraitzen dute osasun publikoko beharginek. Gehiengo sindikalak deituta, gaur [urriak 28] elkarretaratzeak egin dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroen aurrean.
Osasun publikoak pairatzen dituen “gabezi larriak arintzeko neurriak” hartzea eskatzen diote Osasun Sailari eta Osakidetzari: “Eusko Jaurlaritzaren propaganda-diskurtsoetaz haratago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute mahai gainean jarri gure osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk. Urteak daramatzagu gabezi horiek salatzen”.
Ondorengoak dira dituzten aldarrikapenak:
- Osasun publikoaren aurrekontua handitzea
- Langile kopurua gehitzea
- Behin behineko langileak egonkortzea
- Murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea
- Esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzea
- Plantillaren segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea
Mobilizazioez gain, greba ere deituta dago bihar [urriak 29] Arabako zentroetan, azaroaren 12an Bizkaian eta azaroaren 5ean Gipuzkoako zentro guztietan.