Kanpai hotsekin gogoratu dute Lekeitioren 695. urteurrena
Lekeitiorentzat horren garrantzitsua izan zen eguna oroitu nahi izan dute kanpaien doinu eta bolanderekin.
Lekeitioko hiribilduaren 695. urteurrena gogoan, udalerriko elizetako kanpai guztiek batera jo dute gaur [azaroak 3] eguerdian. Gaurko egunez, 1325 urtean, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak hiri gutuna eman zion Lekeitiori, eta horrek aldaketa handia ekarri zion udalerriari. Hori dela eta, Lekeitioko Udalak herriarentzat hain garrantzitsua izan zen eguna oroitu nahi izan du, eta bolanderak ere bota dituzte. “Zalantzak eduki ditugu egun hori ospatzeko. Ez dugu pentsatzen ospatzeko momentu batean gaudenik, baina gaurko eguna gogora ekarri nahi izan dugu”.
Hiri gutunak aldaketa handia suposatu zion Lekeitiori herri mailako funtzionamenduak eta erabakiak hartzeko orduan, eta historiaren zati hori ere gogora ekarri dute gaurko egunez. Azaldu dutenez, Kontzejua eratu zen, eta kudeaketari begira ere onura batzuk ekarri zizkion. Lekeitiarrei euren forua edukitzeak autonomia zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran, jarduera ekonomikoetan eta baita gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejuko kargudunak izendatzean ere.
Gutunak hiriko mugak ere ezarri zituen, eta Alfonso XI.aren agintaldian hiriko harresiak eraiki ziren. Gainera, Santa Maria elizaren patronatua eman zion hiriari. Horrela, hiria parrokiaren ondasunen jabekide bihurtu zen, parrokiaren errenten administratzaile, eliz-gizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun.
Gaur 695. urteurrena gogoan eduki badute ere, begirada 2025ean jarrita daukatela aipatu dute, Lekeitioko Hiribilduak 700 urte beteko ditu urte horretan.