Berriatuarrek zortzi hilabete daramatzate osasun etxe barik
Haserre daudela esan eta osasun etxea berehala zabaltzeko exijitu dute, errepideko zirkulazioa moztuz. Egoera konpondu arte, antolatu eta protestak egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dute hainbat berriatuarrek. Osasun publikoaren defentsa herri gehiagotan ere egin dute

Haserrea. Horixe da berriatuar askok sentitzen dutena. Izan ere, martxoan lehenenengo alarma egoera ezarri zenetik, osasun etxea itxita daukate. Herriko osasun etxeko medikuari zabaltzeko eskatu diote, baina hark erantzun die osasun berme guztiekin zabaltzeko beste langile ez dagoela. «Osasun etxea zabaltzeko, sarreran tenperatura hartuko duen norbait behar dela esan digu. Erantzun horren aurrean, administrazioari eskatzen diogu osasungintzan inbertsioak egiteko eta gure herriko osasun etxea zabaltzeko», adierazi dute deitzaileek.
Beste herri askotan bezala, Berriatuan ere osasungintza publikoa eta oinarrizko gizarte zerbitzuak denfendatzeko elkarretaratzea zegoen deituta gaurko. Hitzordura, baina, espero baino herritar gehiago agertu dira. Hain batu da jende asko ze, osasun etxearen aurreko aldea txiki geratu dela.
Aldarrikapenez betetako paperak esku artean zituztela, zer edo zer gehiago egin behar dela pentsatu eta herritar batek errepidea mozteko proposamena egin du. Esan eta egin. Bat-batean, osasun etxearen aurreko aldarrikapenak errepide erdira atera eta zirkulazioa eten dute.
Asko izan dira baztertuta sentitzen direla esan dutenak. «Inguruko herri txikietan mediku zerbitzua daukate. Guk zergatik ez? Zergatik joan behar gara Ondarroako osasun etxera?».
Momentuz, zortzi hilabete daramatzate Ondarroako osasun etxera joaten. «Batzuk autoa daukagu. Baina adineko asko dira autobusez joaten direnak. Hori ezin dugu onartu! Ez dago eskubiderik». Batzuen iritziz, gainera, Osakidetzak pandemia egoera baliatu du Berriatuko osasun etxea ixteko.
Osasun langileei ere haiekin daudela adierazi diete, haien egoera ulertzen dutela. Administrazio publikoko arduradunengana dago zuzenduta euren haserrea.
Bilerarako deia. Hitzorduak edukitako «erantzun zabala» ikusita, herritarrei egoera konpondu bitartean antolatzeko proposamena egin diete deitzaileek. «Bilera bat egingo dugu, eta ze ekintza egin ahal ditugun pentsatuko dugu guztion artean».
Beste herrietan. Osasungintza publikoa defendatzeko elkarretaratzeak Ondarroan, Markina-Xemeinen, Lekeition, eta Mutrikun ere egin dituzte. Lehen arretarako baliabide gehiago, osasungintzan inbertsio gehiago egitea (BPGaren %7a, gutxienez) eta murrizketarik eta pribataziorik ez egiteko eskatu dute batean eta bestean. Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak, esaterako, AHTra bideratutako funts guztiak “benetan behar diren lekuetara” bideratzeko aldarrikapena egin du.

Ondarroan egindako protesta.

Mutrikun egindako protesta.