Berriatuko osasun zentroa azaroaren 23an zabalduko dute
Udalak oharra zabaldu du, eta hilaren 23tik aurrera txanda fisikoak ematen hasiko direla jakinarazi die herritarrei. Protokolo zehatz bat beteaz hasiko dira herritarrak artatzen. Dena dela, herritarrek osasun publikoa defendatzeko mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Beste herrietan ere egin dituzte elkarretaratzeak.
Berriatuarrek osasun etxea itxita eduki dute martxoan konfinamendua deitu zenetik; zortzi hilabetez eduki dute kontsultategia itxita. Eta hori salatzeko mobilizatzen hasi ziren joan den astean. Atzo, baina, Berriatuko Udalak herritarrei jakinarazi die azaroaren 23tik aurrera berriro ere osasun etxea zabalduko dutela, eta txanda fisikoak ematen hasiko direla, udalak ipiniko duen interfonoari esker. Herritarrek ondoko protokoloa bete beharko dute osasun etxera sartzeko:
- Lehendabiziko txanda beti telefonoz izango da.
- Medikuak txanda fisikoa emanez gero, emandako orduan bertaratu beharko da osasun zentroko ate nagusira.
- Ate nagusian dagoen interfonotik hitz egin beharko da medikuarekin, eta herritarrari medikuak berak irekiko dio atea.
- Txandarik gabe inor ezingo dela sartu esan dute.
Gogorarazi dute txanda Osakidetzako webgunetik edo 900 20 30 50 telefono zenbakira deituta hartu behar dela. Horrez gain, etxez etxeko arreta zerbitzua orain arte legez martxan dagoela gaineratu dute. Eta beharrezkoa bada, herritarrei zerbitzu hori eskatzeko deia egin die udalak.
Elkarretaratzeak, gaur [azaroak 11]. Herritarrentzako albiste ona da osasun zentroa berriro ere zabaltzea. “Zorionak guztioi. Honek erakusten digu mobilizazioekin gauzak lortu ahal direla“. Lorpen txiki bat eduki badute ere, osasun publikoaren defentsan mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute gaur [azaroak 11] egin duten elkarretaratzean. “Berriatuan bizi dugun egoera Jaurlaritzak azken urteetan osasun alorrean aurrera eramandako politiken ondorio da. Geroz eta aurrekontu txikiagoa dauka Osakidetzak, eta murrizketek langileen prekarietatea handitu eta herritarron zerbitzua okertzea baino ez dute ekarri”.
Irakurketa horren aurrean, beraz, osasun langile gehiago kontratatzeko eta osasungintzan inbertsio gehiago egiteko exijituko dute. “Ez dugu nahi murrizketa eta pribatizaziorik, kalteak denok ordaintzen ditugu eta. Osasun sistema osasuntsu bat nahi dugu, bai Berriatuan eta baita beste lekuetan ere”.
Beste herri batzuetan ere egin dituzte mobilizazioak, Markina-Xemeinen –beheko argazkia–, Lekeition eta Mutrikun, esaterako.