Ez da kasualitatea bertso saio musikatua Lekeitiora ailegatuko da
Ikuskizuna 20:30ean hasiko da, eta sarrerak Ikusgarri zinema aretoko txarteldegian erosi ahalko dira barikuan bertan, 19:00etatik aurrera. Lekeitioko Txosna Batzordeko Parkeko Gune kideek azpimarratu dutenez, azken kultur ekitaldia izango da.
Lekeitioko Txosna Batzordeko Parkeko Gune kideen ekimenez, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua eskainiko dute barikuan [azaroak 6], 20:30ean, Ikusgarri zinema aretoan. Antolatzaileek iragarri dutenez, sarrerak egun berean erosi ahal izango dira, 19:00etatik aurrera, zinemako leihatilan, 5 eurotan. Osasun egoera dela eta, ezarritako aforoa errespetatuko dela nabarmendu dute; 144 sarrera salduko dituzte txarteldegian. “Sarrerak zenbatuta egongo dira, eta segurtasun tarteak ere zorrotz beteko dira: ikusle bakoitzak aurre-atze eta ezker-eskuma espazio bat libre edukiko du. Jende pilaketak saiheste aldera, 20:00etan zabalduko ditugu ateak”.
Bertsoak, feminismoa eta musika elkartzen dituen saioan Garazi Navarro amorotoarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra ariko dira bertsotan, Ane Labakagaz eta Miren Amurizagaz batera. Gai jartzaile lanetan, ostera, Aissa Intxausti lekeitiarra ariko da, eta ikuskizunari Araitz Bizkaik (gitarra) eta Gari Otamendik (bibolina) jarriko diote doinua.
Antolatzaileek iragarri dutenez, barikuko kultur ekitaldia 10 urte, hamaika lagun! lelopean antolatu duten azkena izango da. Parkeko Gunearen 10. urteurrena aitzakiatzat hartuta, abuztura bitartean “herritik herrirako bultzatutako” hainbat ekintza kultural babesten eta antolatzen jarraitzeko asmoa bazuten ere, egitasmoa bertan behera uztea erabaki dute. “Sekulako ilusioa bagenuen ere, udalaren aldetik luzatutako aurrekontu proposamenak ez du programazioagaz jarraitzea bideragarri egiten. Gastuen pisu handieagi uzten du gure gain, eta jasoko dugun diru laguntzagaz ozta-ozta estaliko ditugu barikuko saioaren gastuak. Ziurtasun eta berme ekonomikorik barik, baina, ez da nahikoa beste emanaldiei ekonomikoki eutsi ahal izateko”. Are gehiago, udalak agindutako diru sailagaz urrian eskainitako emanaldiak eragindako zorrak ordaintzeko beste ez dutela jaso ere esan dute.
Parkeko Gunearen 10. urteurrenaren harira, urritik abuztura bitartean 11 ekitaldi eduki dituzte lotuta
Herritarren beharrari erantzuteko nahiagaz, eta egun dagoen osasun egoerak eskatzen dituen segurtasun protokoloagaz bateragarria den kultur egitarau “segurua” antolatzen ibili direla azpimarratu dute. “Parkeko Gunearen 10. urteurrenaren harira, urritik abuztura bitartean 11 ekitaldi eduki ditugu lotuta. Olerkiekin osatutako ikuskizun bat, goi mailako antzerki bat, bakarrizketa bat… lekeitiarrak eta hainbat euskal sortzaile tartean batzen dituzten diziplina anitzeko ekintzak egitea aurreikusita genuen. Datorren urtean jaietan topako gara gure Parkeko Gunean. Urtero saiatu garen modura, jaietan adin guztientzako aisialdia eta kultura antolatzeko asmoa dugu”.
Antolatu duten kultur egitaraua aurrera eramateko baina, herritarren eta erakundeen babesa ezinbestekoa dela ohartarazi dute. “Aurreko urteetako ekintzak txosnako dirutik bideratu ditugu, baina aurten jairik ez denez antolatu, diru iturri barik geratu gara. Hori dela eta, gure eskaintza jarreraz eta diruz babesteko eskatu genion udalari. Udan hasi ginen udalagaz harremanetan. Jarrera ona agertu dute, baina konpromisoa gauzatzeko eta diru sail batzuk guri bideratzeko sasoia heldu denean, trabak eta oztopoak besterik ez ditugu topatu. Nahi baino gehiago borrokatu behar izan dugu bidezkoa eta beharrezkoa deritzogun laguntza jasotzeko, baina berbaz adierazitako kulturarekiko konpromisoa ez dugu ekintzetan islatuta ikusi, eta jasotako azken erantzunak ere hori berretsi digu”.