Ander Okamika: "Aukera berri hau aprobetxatzeko gogo handia daukat"
Erronka berri bati ekingo dio datorren denboraldian Ander Okamika kirolari lekeitiarrak; triatloia txirrindularitzagatik aldatu eta profesional mailan emango ditu lehen pedalkadak.
Zelan sortu zitzaizun errepideko txirrindularitzara jauzia emateko aukera?
Pandemiak eragindako etxealdiaren ondoren egoera hobetu zen arren, triatloi gehienak bertan behera geratu ziren edo egingo ziren edo ez zalantzan zeuden, eta ekainean ailegatu zen momentu bat pixka bat motibazioa galduta nengoela, hainbeste entrenatu eta helburu barik nengoen. Eta txirrindularitzan, amateur mailan, egutegi bat atera zuten. Bizikletan ondo entrenatzen ari nintzen, konfinamenduan ere arrabolan ordu asko igaro nituelako, eta aukera bat izan ahal zela pentsatu genuen lehiatzeko eta motibatuta egoteko. Nire triatloiko zuzendariagaz taldeak bilatzen hasi ginen. Ez zen erraza izan. Urte erdian talde batean sartzea gaitza da, are gehiago 2020an, ordura arte inork ez zuen lasterketarik egin, eta denak zeuden parte hartzeko gogoz. Baina nire zuzendariak Alacanteko zuzendari bat ezagutzen zuen, eta ea niretzako leku bat edukiko lukeen galdetu zion. Leku bat egin zidan eta horrela sortu zen aukera. Helburua zen txirrindularitzako lasterketak prestaketa modura hartzea triatloirako, baina, gero, nahiko errendimendu ona eman nuen.
Zamoran hasi eta Kantabrian, Alacanten eta Jaenen lehiatu zen Espainiako Txapelketan parte hartu duzu, emaitza onekin gainera. Maila horretan ibiliko zinela aurreikusten zenuen?
Etxealdiaren ondorengo lehenengo itzulia Zamorakoa izan zen, eta nire lehenengoa izateko ondo joan zitzaidan. Ezin izan nintzen ibili etapak irabazteko postuetan, baina 12. geratu nintzen sailkapen orokorrean. Zamoran lasterketa erritmoa hartuta eta esperientzia txiki bategaz heldu nintzen abuztuan Jaenen lehiatu ziren Espainiako Txapelketara. Nik banekien sasoi onean heltzen nintzela, baina profesionalen aurka parte hartzen genuen, eta horiek maila oso altua daukate. Beraz, euren aurka ze errendimendu maila eduki ahalko nuen ez nekien. Egia esan oso ondo aurkitu nintzen eta lortutako emaitzagaz harrituta geratu nintzen. Erlojuaren aurkako frogan, amateur mailan, lehenengo geratzea lortu nuen, eta profesionalen mailan ere lehen 20 txirrindularien artean sartzea lortu nuen. Handik bi egunera ospatu zen errepideko proba, eta hor ere oso ondo ibili nintzen; amateur mailan bigarren geratu nintzen, eta profesional mailan 14. postuan.
Triatloiak hiru kirol diziplina batzen ditu. Txirrindularitzara soilik aritzea ezberdina da? Beste modu bateko prestaketa behar du?
Abuztura arte triatloiko prestaketagaz ibili nintzen, baina abuztuan, txirrindularitzan bakarrik aritzea erabaki genuenean, bizikletan bakarrik jarri nuen arreta. Hilabete gutxi aritu naiz soilik txirrindularitzara; abuztuko pare bat aste, iraila osoa eta urriko pare bat aste. Igeriketak ez du eraginik errendimenduan, baina korrika egitea eta bizikletan ibiltzea ez dira bateragarriak errendimendu maila on bat lortzeko.
Lasterketei dagokienez, lehiatzerakoan aldaketa nabaritu duzu?
Nahikoa ezberdinak dira. Alde batetik, triatloian, bakoitza bere erritmora joan behar da bizikletan, banan-banan, 12 metroko distantzia utzita. Txirrindularitzan, berriz, denok goaz batera eta pelotoian joate hori, horrenbeste jendegaz, aldaketa handia izan da. Bestetik, triatloian ohituta gaude bakoitzak bere erritmoa ezarri eta erritmo horretan joaten denbora luze batean. Txirrindularitzan, aldiz, erritmo aldaketa asko daude, eta ohitu egin behar izan naiz horretara. Gehiago dira estrategiak; batzuetan bizkor zoaz, besteetan astiro. Hori ere ikasten joan behar naizen gauza bat da.
Esperientzia berri hau zelan baloratuko zenuke?
Esperientzia oso aberasgarria izan da. Beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera eduki dut, beste kirol bat, egiteko beste modu bat, eta pozik nago. Triatloia gustatzen zait, horixe bizi izan dut, eta oraindik triatloian badaukat gauza asko bizitzeko. Urtetik urtera hobetzen joan naiz, eta beste lasterketa batzuetan parte hartzen, baina, orain, aukera hau irten zait eta une honetan aprobetxatu egin behar dudala uste dut. Aurrerago, daukadan adinagaz, ezinezkoa izango litzateke horrelako aukera bat izatea. Beraz, aukera berri hau aprobetxatzeko gogo handia daukat.
Eta datorren denboraldian profesional mailan ariko zara Burgos-BH taldeagaz. Nola jarri ziren zugaz harremanetan?
Espainiako Txapelketak eta gero, lortutako emaitzak ikusita, profesional mailako talde batean aritzeko aukera eduki ahal nuela pentsatu genuen, eta talde ezberdinekin kontaktuan jarri ginen. Burgos izan zen interes gehien erakutsi zuen taldea, eta eurei ere oso positiboa iruditu zitzaien datorren urtean nire ezaugarriak dituen txirrindulari bat edukitzea. Irailaren hasieran jarri ginen kontaktuan, eta hilabetean adostu genuen fitxaketa.
Egutegirik zehaztuta badaukazu?
Momentu honetan oso gaitza da ze lasterketa egin ahal dituzun zehaztea, aukera dago-eta lasterketa asko bertan behera geratzeko. Oraindik ezer argi ez digute utzi txirrindularioi. Azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran lehenengo kontzentrazioa egingo dugu taldekide berri danok ezagutzeko, eta uste dut bertan azalduko dizkigutela 2021eko nondik norakoak. Gogo askogaz nago. Aukera oso on bat da niretzako, baina jauzi handia izango da. Aurten amateur kategorian ibili naiz, eta maila oso ona egon da, baina datorren urtean munduko txirrindulari onenekin ariko gara pelotoian. Telebistan ikusten nituen txirrindularien ondoan joateak ilusioa egiten dit, eta entrenatzen jarraitu eta taldeak emandako aukera hau aprobetxatzeko indarra ere ematen dit.
Entrenamenduekin hasi zara?
Denboraldia amaitu eta gero, atseden hartzeko pare bat aste edukitzen ditugu deskonektatzeko eta pilak kargatzeko, eta orain hasi naiz berriro entrenatzen. Momentuz oso entrenamendu lasaiak egiten nabil, apurka-apurka dinamika batean sartzeko asmoagaz. Momentuz joan den urteko prestatzaile fisikoagaz jarraituko dut, taldeak horretarako aukera eman digu eta. Joan den urtean oso ondo joan zitzaidan, eta ondo joan diren gauzak hobeto ez aldatu.
Baldintza hobeak izango dituzu txirrindularitzan?
Triatloitik txirrindularitzara pasatzeko erabakia izan da bai eta ere kirol bietan dauden baldintzak. Txirrindularitzan askoz baldintza ekonomiko hobeak daude triatloian baino. Naiz eta triatloian azken urteetan oso ondo ibili, beste lan bategaz uztartu behar izan dut diru sarrera batzuk edukitzeko, eta datorren urtean %100 ari ahalko naiz txirrindularitzan. Zoritxarrez, gaur egun alde handiak daude bi kirol horietan kirolariek dauzkaten baldintzen artean. Momentuz urtebeteko kontratua egin didate Burgosen, ikusiko da urtea zelan joaten den, ni saiatuko naiz ahalik eta hobekien aprobetxatzen, behintzat urte batzuk txirrindularitzan aritzeko. Ezin naizenean txirrindularitzan aritu, triatloira bueltatzeko aukera egongo da.