Balea bat ikusi dute Mutrikun
Mutrikuko portuko uretan ikusitako balea, itxura guztien arabera, jatera sartu zen.
Astelehenean [azaroak 9] Mutrikuko portutik paseatzen ibili ziren askok balea bat ikusi zuten portuko uretan, muskuilu haztegia dagoen tokitik gertu. Hasieran batean 10 metrotik gorako zetazeoa orka bat zela pentsatu zuten bertatik zebiltzanek, baina adituek baieztatu dutenaren arabera, itxuragatik, balea xibarta edo konkorduna (Megaptera novaeangliae) da.
Inguruotan horrelako balea bat ikustea ez da ohikoa izaten, baina noizbehinka kostaldera gutxiren batzuk hurreratzen dira. “Ez daude asko, eta horietako askok hegoaldera migratzen dute, Cabo Verde eta inguru horietara. Gutxiren batzuk, aldiz, Bizkaiko Golkotik sartzen dira”. Arrain txikiak eta plankton erako oskoldunak jaten ditu balea mota horrek, eta litekeena da janari bila sartzea Mutrikuko porturaino. “Antxoa txiki asko dago egunotan, eta sardaren baten atzetik sartuko zen”.