Sinadura bilketa amaitutzat eman du Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformak
Ekainetatik urrira egindako hiru kanpainetan 822 sinadura batu dituzte. Udaletxean aurkeztuko dituzte, jokoari buruzko azterketari bultzada emate aldera.
Orain arte egindako sinadura bilketetan 822 sinadura batu dituztela jakitera eman dute Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformako kideek. Ekainetik urrira bitartean egindako hiru kanpainetan, zehazki, sinadurak presentzialki, birtualki eta herrian ipinitako buzoetan jaso dituzte, eta orain horri guztiari amaiera emateko ordua iritsi dela azpimarratu dute.
Jasotako sinadura guztiak batu eta udaletxean aurkezteko asmoa dutela agertu dute. “Jokoari buruzko azterketa egiteko eskatu genion udalari, eta 822 sinadura horiekin agerian laga nahi dugun eskaera hori ez dela soilik gure plataformaren eskaria; herritar gehiagok ere kezka eta ardura bera agertu dute”.
Kanpainek erantzun ona eduki dutela eta gustura daudela nabarmendu dute. “Herritarren aldetik erantzun polita ikusi dugu. Hori bai, herritar kopurua kontuan edukita, gaiari buruzko kontzientziazio kanpaina indartu eta landu beharra dagoela ere iruditzen zaigu. Erraztasun guztiak ematen ahalegindu gara; sinadurak kalean batzen egon ginen, etxe guztietara ere era anonimoagoan kanpainan parte hartu ahal izateko orriak bidali dira… Baina oraindik ere beste publiko batera ailegatu ahal izateko aurrera begirako lan handia daukagu egiteko”.