Lekeitioko Udalak 30.000 euroko laguntza emango dio Isuntzari
Beste urte betez gizonezkoen Eusko Label Ligan eta emakumeen ETE ligan egongo da Isuntza.
Lekeitioko Udalak eta Isuntza arraun elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute aste honetan. Udalak 30.000 euroko diru laguntza emango dio herriko arraun taldeari 2020-2021 denboraldirako. Beste urte betez gizonezkoen Eusko Label Ligan eta emakumeen ETE ligan egongo da Isuntza.
Diru laguntza hori ezinbestekoa dutela esan du Santi Zumaran Isuntza Arraun Taldeko presidenteak. Gaur egun laguntzak lortzea oso gaitza dela azaldu du Zumaranek. COVID-19ak, gainera, egoera zailago egin duela nabarmendu du.
Pandemia dela-eta denboraldi berria zelan joango den jakiterik ez dagoela dio Isuntzako presidenteak. Aurreko denboraldian, esaterako, estropadak arazorik barik egin zirela gogoratu du, baina sekula gertatu ez bezala ikusle barik.
Urtero modura, uda aldera hasiko da arraun denboraldi berria, hala ere Isuntzakoak datozen asteetan prestaketekin hasiko direla azaldu dute.