Zebra-bide berriak ipini ditu Markina-Xemeingo Udalak
Argiak ere jarri dituzte Abesua kaleko zebra-bideetan. Segurtasuna areagotzea dute helburu lanek.
Markina-Xemeingo Udalak zebra-bide berriak ipini eta argiak jarri ditu zirkulazio handia dagoen herriguneko beste zebra bide batzuetan. Jakitera eman dutenez, segurtasuna areagotzea dute helburu.
Karmengo eta Abesua Kaleetako zebrabideetan jarri dituzte argiak, hain zuzen ere. “Batez ere iluntze eta gau partean gidarien arreta piztea da argion helburua, autoz doazenak oinezkoen pasabideaz ohartarazteko eta, era horretan, ibilgailuen abiadura moteltzeko“, azaldu dute.
Bestalde, Xemein Hiribidean, Xemeingo elizaren aurrean eta ondoko aparkalekuaren aurrean, Agustin Deuna kalean eta Beko Benta kalean, biribilgunea orduko, egin dituzte zebra bide berriak. Zebra-bide altxatuak dira udalak jarri dituenak, ibilgailuak astiroago igarotzeko. “Oinezkoei lehentasuna emateaz gain, herritar guztion segurtasuna areagotzen lagunduko dute zebra bideek, besteak beste, herri barruan ibilgailuen abiadura murriztea ekarriko dutelako”. Horrez gain, espaloiko koska kenduta, iriste erraztasuna hobetuko da.
Lan guzti horiek udalerria iriste errazagoa bihurtu asmoz udalak abiarazi duen Irisgarritasun Planaren baitako ekimenak dira. Eta, aurreratu dutenez, beste hainbat hobekuntza egingo dira aurrera begira.