COVID-19aren manifestuagaz bat egin du Leartikerrek
COVID-19aren ikerketa datuak eskuragarri jartzea eta ikerketen ondorioz lortutako jabetza intelektualari buruzko lizentziak ematea onartu du Markina-Xemeingo zentro teknologikoak.
“COVID-19 pandemiak planteatzen dituen aurkaririk gabeko erronkak kontuan hartuta eta ikerketak eta berrikuntzak pandemiari eusteko duten zeregin garrantzitsuaren onarpen publiko zabalak bultzatuta” Europar Batasunaren COVID-19 Ikerketarako Manifestuagaz bat egin du Leartiker Markina-Xemeingo zentro teknologikoak. Adierazpen horrek COVID-19aren aurkako borrokan egiten ari diren ikerketen emaitzak ahalik eta eskuragarrien egotea aldarrikatzen du.
Horrela, Leartikerrek manifestu hori sinatuz, bere ikerketa datuak COVID-19 Datuen Europako Plataformaren bidez eskuragarri jartzea eta EBk finantzatutako ikerketen ondoriozko jabetza intelektualari buruzko lizentziak ematea onartu du. “Ikerketaren emaitzak denon onurarako balioesteko premia larria dagoela kontuan hartuta, onartu eta babestu egiten ditugu COVID-19rekin lotuta, prebentzioari (txertoak barne), probei eta tratamenduei buruz EBk finantzatutako ikerketa-diru-laguntzetatik eratorritako emaitzei buruz manifestuan jasotzen diren printzipioak”, azaldu dute.
Manifestu horretan jasotzen da, esate baterako, sortutako emaitzak, ukigarriak zein ukiezinak, jabetza intelektuala partekatzeko plataforma batean edo patenteen funts komun baten bidez publiko egitea eta eskuragarri jartzea.
Horrez gain, dokumentu zientifikoak eskuragarri jarri eta ikerketa datuak publiko egitea ere jasotzen du manifestuak, beste batzuk argitalpenetan eta datuetan oinarritu daitezen eta horiek baliozkotzeko behar diren tresnak eskura izan ditzaten. Batez ere COVID-19aren ikerketa datuak eskuragarri jartzea da gakoa, COVID-19 Datuen Europako Plataformaren bidez.
EBk diruz lagundutako ikerketen jabetza intelektualaren lizentziak ematea ere aurreikusi dute manifestuan. Lizentzia horiek eskubiderik gabekoak izango dira eta ez dira esklusiboak izango. Lizentziadunek produktuak eta zerbitzuak arin eta zabalkunde handia emanez banatzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Gaur egun, COVID-19aren ondorioak arintzeko beste aukera batzuk garatzen ari diren hainbat partzuergotan parte hartzen ari da Leartiker. Hala ere, oraindik ondorioak ateratzeko goiz dela esan dute; aurrerago, “balio eta datu zehatzagoekin”, aurrerapen horien berri ematea dute asmoa.