Sarek mobilizazioak egingo ditu asteburuan, "elkarbizitzaren alde pausoak emateko"
Lekeition zapatu gauean sei minutuko burrunbada egingo dute, eta Ondarroan elkarretaratzean egingo dute domekan [azaroak 22], eta ostean mosaikoa osatuko dute.
Bidea gara, bidean gaude lelopean, herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatu ditu Sarek astebururako, Izan Bidea dinamika bultzatzeko. Ahalik eta herritar gehien dinamikara batzea dute asmo. Elkarbizitzaren alde pausoak eman gura dituzten herritar guztiei zabaldu diete deialdia, “preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera”.
- Lekeition, zapatuan [azaroak 21] 12:30tik 14:00etara mahaia jarriko dute Eskolapean herriko presoei gutunak bidali ahal izateko. Gauerako berriz, argiak itzali eta sei minutuz burrunbada egiteko deia luzatu dute. Azaldu dutenez burrunbada gaueko 09:24an izango da. Herriko presoak gogoan aukeratu dute ordu hori: Liher Aretxabaletak kartzelan bederatzi urte daramalako, eta Julen Atxurra Egurrola Pototok 24 urte. Burrunbadan norbere etxetik parte hartu, edo bestela, Eskolapean batzeko deia egin dute.
- Ondarroako Itsasaurre plazan, Preso eta iheslariak etxera! lelopean elkarretaratzea egingo dute domekan [azaroak 22], 12:30ean. Ostean, 100 laguneko mosaikoa osatuko dute. Hori osatzeko, euskal preso eta iheslarien bandera eramateko eskatu dute.
Eskualdean mobilizazio horiek egiteaz gain, Euskal Herriko hainbat txokotan ere egingo dira ekintza gehiago, denak ere norabide berean: “Herritarren aktibazioa piztea, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzea eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak ematea”.