Azken orduetan 13 positibo erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo [azaroak 16] egindako probetan ondoko herrietan erregistratu zituzten positibo berriak: Mutriku (6), Ondarroa (4), Munitibar (2) eta Lekeitio (1). Mutrikuk eta Lekeitiok gune gorrian egoten jarraitzen dute. Domekan [azaroak 15] ospitaleratuta daudenen kopuruak gora egin ostean, atzo [azaroak 16] berriro ere behera egin zuen.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 13 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun: Mutriku (6), Ondarroa (4), Munitibar (2) eta Lekeitio (1). Lekeitiok eta Mutrikuk gune gorrian egoten jarraitzen dute; Mutrikuk 100.000 biztanleko 918,64ko tasa dauka, eta Lekeitiok 759,04koa. Ondarroak, bestalde, gune laranjan egoten jarraitzen du, 395,81eko tasarekin.
Joan den astean [azaroak 9-15] Mutrikun eta Lekeition erregistratu zituzten kasu gehien; guztira, aste osoan 100 kasu atzeman zituzten:
- Mutriku: 31
- Lekeitio: 25
- Ondarroa: 18
- Munitibar: 7
- Markina-Xemein: 6
- Berriatua: 4
- Amoroto: 2
- Aulesti: 2
Lurraldeka. Atzo [azaroak 16], Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.631 proba egin zituzten (7.650 PCR eta 2.981 antigeno). Horietatik 941 positibo erregistratu zituzten (%8,9). 497 positibo PCR bidez atzeman zituzten, eta 444 antigeno bidez. Positibo gehienak Gipuzkoan erregistratu zituzten (411); Bizkaian 375 atzeman zituzten, eta 146 Araban. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 9 kasu gehitu behar zaizkie. Dena dela, positibo gehien 40-64 urte bitartekoen artean erregistratzen jarraitzen dutela berretsi dute.
Bestalde, domekan [azaroak 15] ospitaleratuta daudenen kopuruak gora egin ostean, atzo [azaroak 16] berriro ere behera egin zuen. Atzo [azaroak 16], COVID-19aren ondorioz 483 pertsona zeuden hiru lurraldeetako ospitaleetan ospitaleratuta. Horietatik 141 ZIUn zeuden.