Gimnasioaren eta frontoiaren erabilerarako baldintzak ezarri ditu Mendexak
"Koronabirusa prebenitzeko" jarraibideak zehaztu ditu udalak.
COVID-19aren aurrean, gimnasioaren eta frontoiaren erabiltzaileek bete beharreko neurriak zehaztu ditu Mendexako Udalak. Hain zuzen, maskararen derrigorrezko erabilera eta segurtasun tarteak mantentzearen segurtasun neurri orokorrez gain, aipatu bi lekuetan kirola egiteko baldintza zehatzak ipini dituzte.
Gimnasioan zein frontoian 06:00etatik 21:00etara egon ahal dira erabiltzaileak, eta bietan aldagelak eta komunak itxita daude.
Gimnasioan aforoa %40ra egokitu dute. Beraz, aldi berean egon daitezkeen gehienezko kopurua 20 pertsonakoa da. Kirola egiteko gunea erabili aurretik eta ondoren garbitu behar dute.
Frontoian kirola egiteko derrigorrezkoa da aurretiaz txanda hartzea udalaren web orrialdean. Taldekako kirola eten denez, frontoian bakarka edo bizikideekin soilik egon daiteke.