Ispasterko IV. Literatura Lehiaketaren lanak azaroaren 24a arte aurkeztu daitezke
2014tik aurrera jaiotakoek parte hartu dezakete, beti ere Ispasterren erroldatuta badaude edo herriko ikastetxean matrikulatuta.
Ispasterko ume, gazte eta helduen artean euskal literatura sormena bultzatzeko helburuz, laugarren urtez jarraian literatura lehiaketa antolatu du udalak. Azaroaren 24a [martitzena] arte aurkeztu daitezke lanak.
2014tik aurrera jaiotakoek parte hartu dezakete, beti ere Ispasterren erroldatuta badaude edo herriko ikastetxean matrikulatuta. Adinaren arabera, zazpi kategoria zehaztu dituzte; A kategoriatik E kategoriara daude Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleak, eta Fan gainerako guztiak.
Azaroaren 24a [martitzena] arte aurkeztu daitezke lanak. A kategoriakoek udaletxean utzi behar dituzte euren lanak, izen-emate fitxagaz batera. Gainontzeko mailetakoek, ostera, udalaren web orrialdean daukaten esteka erabili behar dute. PDF formatuan eta goitizenez sinatuta (ez da egilearen datu pertsonalik agertu behar) aurkezteko eskatu dute: “Hala ere, beharrezko baliabide teknikorik ez dutenek lana eskuz eginda ere aurkeztu ahalko dute”.
Gaia librea da, eta idazlanak euskaraz idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo lehiaketara aurkeztu gabeak izan behar dira. Parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal du, eta prosaz, Calibri 12 letra tamainaz, paragrafoak justifikatuta, 1,5eko lerroarteagaz (interlineado) eta orraztuta egon behar dira. A kategoriakoek, nahi adina berba eta marrazki sartu ditzakete euren lanetan. Gainontzekoek, berriz, gutxienez 200 hitzeko luzera daukaten testuak sortu behar dituzte.
Sariak. LHko ikasleen kategorietan (Atik Cra) eta F kategorietan liburuetan edo eskola materialetan gastatzeko txartelak eta diplomak jasoko dituzte irabazleek. DBHko ikasleen kategoria bietako irabazleek (D eta F) Mendexa Abentura Park-erako bina sarrera, eskola materialetan gastatzeko txartelak eta diplomak hartuko dituzte.