Lekeitioko ostalariek ez dituzte udalaren esku dauden zergak ordaindu beharko itxita dauden bitartean
Lekeitioko ostalariei laguntzeko hainbat neurri hartzea erabaki du udalak. Terrazen ordenantza ere landuko dute.
Lekeitioko ostalariei laguntzeko hainbat neurri hartu ditu Lekeitioko Udalak. Ostalaritzako establezimenduek berriz irekitzen dutenerako, terrazen erabilera arautzen duen ordenantza bat landu nahi dute. “Orain arte ez da honelako ordenantzarik egon eta egoera berri honek sortutako beharrizanei erantzunez, terrazak bide publikoan jartzeko araubide tekniko eta juridikoak ezarriko dira, herriko ostalaritzako ordezkariekin irailak 30ean egindako batzarrean azaldu eta partekatu ondoren”, azaldu dute.
Bestalde, ordenantza berria onartu arte terrazak jartzeko baimenak abenduaren 31ra arte luzatzen direla ere jakinarazi dute. “Ordenantzan zehaztuko dira terrazek eduki beharko dituzten gehienezko neurriak irisgarritasuna bermatzeko, altzarien ezaugarriak, ordutegiak eta egutegiak, zeintzuk diren arau-hausteak eta abar”, argitu dute.
Aurreratu dutenez, gainera, terrazei, zaborrei, estolderiari eta toldoak jartzeagatik ez dute zergarik ordaindu beharko ostalaritza itxita mantentzeko agindua dagoen epeetan. Era berean, udal jabetzarenak diren tabernek ez dute alokairurik ordaindu beharko itxita dauden bitartean. “Tabernei erraztasunak eman nahi zaizkie egoera honetatik irten arte”.